Iker Vicente izanen da Nafarroako aizkolari bakarra Euskal Herriko txapelketa nagusiaren finalean

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 19a, 07:56

Iker Vicente bizkorrena izan da kanporaketan, iaz bezala.

Jon Rekondo leitzarra zortzigarren izan zen kanporaketan 

Euskal Herriko lehen mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatu zen irailaren 16an Abadiñon. Bertan lortutako sailkapenaren arabera, Otsagabiko Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Iñaki Azurmendi, Ugaitz Mugertza eta Joseba Otaegi gipuzkoarrak eta Aitzol Atutxa bizkaitarra izanen dira urriaren 15ean Donostian jokatuko den finalean.

 

Berez hamabi aizkolarik jokatzen dute kanporaketa hau, baina jakina zen Olasagasti ez zela arituko. Azken orduan, Lezaungo Juanjo Lopez ere ez zen aritu. Hortaz, hamar aizkolari ziren lehian eta horien artean Iker Vicente izan zen bizkorrena, bi kanaerdikoak, bi 60 ontzakoak eta bi oinbikoak mozteko 17 minutu eta 55  segundo behar izan baitzituen. Gibeletik, finalerako sailkatu ziren Mikel Larrañaga (18:04), Iñaki Azurmendi (18:05), Ugaitz Mugertza (18:29), Aitzol Atutxa (18:39) eta Joseba Otaegi (18:59). Finaletik kanpo, berriz, Julen Alberdi  gipuzkoarra (19:36), Jon Rekondo leitzarra (19:55), Eneko Otaño gipuzkoarra (20:40) eta Jon Irazu gipuzkoarra (21:40) gelditu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun