Azken bi urteetan bezala, Nafarroako txapelketan azpitxapeldun izan ondotik lortu du Euskal Herriko txapela Fernando Etxegaraik. Hamekagarrena. Sei minutu eta 26 segundo behar izan zituen 1,25 metroko tartean jarritako 50 koxkorrak biltzeko. 22 segundoko aldea atera zion bigarren izan zen Aritz Martin bizkaitarrari (6:48) eta 25ekoa podiuma osatu zuen Iñigo Lasaga etxalartarrari (6:51). Zazpi minutu baino gehiago behar izan zituzten Aritz Ruiz arabarrak (7:05), Ignacio Gomez bizkaitarrak (7:07) Guillermo Lopez arabarrak (7:33.).
Emakumezkoetan nagusitasunez gailendu zen Maika Ariztegi iturendarra, bere hamabosgarren txapela janzteko. Iaz azpitxapeldun izan zen, baina berriz ere txapela berreskuratu zuen Larrabetzun, 7 minutu eta 36 segundoko denbora bikainarekin. Zortzi minutu baino guttiago behar izan zituen emakume bakarra izan zen. Irantzu Onaindia bizkaitarra izan zen bigarren (8:02), Garazi Arruti bizkaitarra hirugarren (8:11), June Etxeberria nafarra laugarren (8:13) eta Zuriñe Frutos arabarra bosgarren (8:31).