Jon Olaizola eta Iker Salaberria txapeldun izan dira Lezoko pilota txapelketan

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 15a, 11:13

Lezoko txapelketako kategoria ezberdinetako finalistak, txapelak eta garaikurrak jaso ondotik.

Lesakarra lehen mailan nagusitu zen Yoldirekin bikote eginez eta goizuetarra Etorkizuneko Izarra mailan, Mariezkurrenarekin 

Jon Olaizola pilotari lesakarrak aste berean bigarren txapela jantzi du. Igandean buruz buru nagusitu zen Amezketako Joxean Tolosa txapelketan eta ortzegunean, Lezoko 42. Etxandi memorialean nagusitu zen, Yoldirekin bikote eginez. 0-7 galtzen hasi ondotik, 22-9 irabazi zieten Peru Labaka eta Oier Etxeberriari.

 

Ez zen Lezotik eskualdera ekarritako txapel bakarra izan. Izan ere, Etorkizuneko Izarrak kategorian, Iker Salaberria goizuetarrak eta Jon Mariezkurrenak lortu zuten txapela, Zubizarreta eta Garmendiari 22-11 irabazita. Mariezkurrena jaun eta jabe izan zen eta garaipen erraza lortu zuten, nahiz eta 5-1 irabazten ari zirela Salaberriak buruan hartutako pilotakadak ikaria zabaldu zuen harmailetan. Halere, 9 tanto egin zituen goizuetarrak jokaldian eta 3 sakez.

Lau eta erdiko txapelketako finalean, Agirreamalloak 22-12 irabazi zion Uriberi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun