Bidasoa-Doneztebeko Eskualdeko Larrialdietako Zerbitzua martxan jarriko duela iragarri du Osasun Departamentuak

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 8a, 08:59

Bidasoa-Doneztebe, Tafalla, Zangoza eta Sakanan Eskualdeko Larrialdetako Zerbitzu bana jarriko dutela iragarri zuen irailaren 7an Fernando Dominguez Osasun Kontseilariak. Gainera, azpieskualdeko bertze gune batzuk irekitzea ere aztertzeko asmoa dute. Larrialdietan adituak diren osasun arloko langileek, 24 orduz eskainiko dute zerbitzua eta erradiologia arruntak eta ekografiak egiteko baliabideak eta balio anitzeko ZIU mugikor bat ere izanen dituzte. Horrela, arreta azkarra eskaini eta herritarren lekualdatzeak saihestea lortu nahi dute.

Eskualdeak erreferentzia-puntua izanen dira Larrialdi zerbitzuen beharrak berregituratu eta berriro definitzeko orduan. Departamentuak lurraldeko ekitatea hobetu eta landa-biztanleei segurtasuna ematen dien zerbitzu bat sortu nahi du: 2020. urterako biztanleen % 75 larrialdietako berariazko zerbitzu mediku batetik 15 minutu baino gutxiagora egotea lortuz.

Proposatutako egiturak prebentzio-ekintzak eta osasuna sustatzekoak bultzatu nahi ditu, tokiko esparruan haurrentzako arreta integraleko eremu bat eskaini eta paziente kronikoei eta mendekoei arreta bermatuz. Lurraldeko eta Larrialdietako Eredu berriak herritarren ospitale-zerbitzuetarako sarbidea hobetuko du: etxeko ospitaleratze zerbitzuak handitu edo eskualdeko erreferentziako adituak jarriz Barne Medikuntzako eta Geriatriako esparruetan eta Osasun Mentaleko edo Sexu eta Ugaltze Osasuneko baliabideak eskainiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun