Zortzi artzainek eta hamaika txakurrek parte hartu zuten 50. Artzain Txakur Lehiaketan. Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, tartean ziren eskualdekoak ere: Antonio Alustiza (Areso) Bat eta Jai txakurrekin, Joxe Mari Istilart (Amaiur) Lagun eta Bizkor txakurrekin eta Jorge Oteiza (Oronoz) Arakil txakurrarekin. Horiekin batera, Jesus Razkin (Etxarri Aranatz) Neska txakurrarekin, Antonio Uharte (Uharte-Arakil) Lixta eta Argi txakurrekin, Joxe Lakuntza (Arbizu) Itur txakurrarekin, Aritz Ganboa (Arruazu) Sua txakurrarekin eta Javier Fernandez (Otano) Katy txakurrarekin aritu ziren.
Lehenbiziko ariketa egiteko 7 minutuko tartea zuten artzainek eta artaldea artzainaren ondora ekarri eta segidan zehaztutako tarte batetik pasarazi behar zuten. Bigarren ariketan berriz, artaldea itxitura batean sartu eta atera behar zuten ibilbide zehatz bat osatu ondotik. Finalera sailkatu ziren hiru txakurrak eskualdekoak izan ziren, Alustizaren Jai, Oteizaren Arakil eta Istillarten Lagun. Antonio Alustizaren txakurra izan zen azken ariketa txukunen egin zuena eta 312 puntu bilduta beraiek eskuratu zuten garaipena.
Beste sarituak
Artzain Egunaren barne, bertze hainbat lehiaketa ere egin ziren eta sarietako aunitz eskualdera etorri dira. Ardi Latxaren esnearekin egindako Nafarroako XXXVI. gazta lehiaketan, hirugarren saria Elizondoko Kortariko Gasna gaztandegikoek eskuratu dute, bosgarren saria Leitzako Jose Javier Sestorainek eta zazpigarrena Elizondoko Maria Jesus Larretxeak.
Nafarroako Ardi Latxaren XXXIV. Esne ekoizpenaren lehiaketan 2 urte baino gehiagoko ardi burugorriekin Azpilkuetako Juan Jose Irungarai izan zen irabazlea, Urdazubiko Manuel Bengoetxea txapeldunordea eta Lekarozko Mari Jose Etxeberria hirugarren. Adin horretako arpeltzekin Arizkungo Irigoien Rekarte elkartea izan zen hirugarrena. 2 urte baino gehiagoko ardiekin ere, burugorrien sailean Urdazubiko Manuel Bengoetxea izan zen irabazlea eta hirugarren saria Azpilkuetako Juan Jose Irungaraik lortu zuen. Adin horietako arpeltzetan berriz, hirugarren saria Arizkungo Irigoien Rekarte elkarteak lortu zuen. Eta lehiaketa morfologikoan 5 ardi helduen taldearekin hirugarren saria lortu zuen Azpilkuetako Ramon Urrutiak. 5 bildotsen taldearekin, arpeltzekin Arizkungo Irigoien Rekarte izan zen irabazlea eta burugorriekin, bigarren saria Iturengo Isidro Bazterrikak eta hirugarrena Iturengo Ramon Urrutiak.