Jesus Etxeberriak irabazi du Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 21a, 11:49

Erdian, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finalean lehenbiziko hiru postuetan sailkatu zirenak.

Beintza-Labaiengoak minutu pasako aldea atera dio Xuban Kañamaresi eta bide batez, mailaz igotzea lortu dute. Ezkurrako Moises Gogorza, berriz, hirugarren izan da.

Ezkurrako besten barne, joan den ortzirale arratsaldean, abuztuak 18, jokatu zen Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finala eta bortz aizkolari aritu ziren lanean. Aizkolari bakoitzak 45 ontzako bi enbor eta bertze bi kanaerdiko moztu behar izan zituen eta Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberriak 10 minutu eta 16 segundotan bukatu zituen lanak. Arostegiko Xuban Kañamaresek 11 minutu eta 27 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko eta Ezkurrako Moises Gogorzak 12 minutu eta 10 segundo. Emilio Gartzia gelditu zen laugarren (13:00) eta Iker Gorriti bosgarren (13:39).

Sailkapeneko lehenbiziko bi postuak lortuta, mailaz igotzea lortu dute Jesus Etxeberriak eta Xuban Kañamaresek.

 

Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketa

Arantzako bestetan, berriz, abuztuaren 17ko arratsaldean, Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zuten bederatzi aizkolarik. Bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat moztu behar izan zituzten  eta guztietan bizkorrena Leitzako Eneko Saralegi izan zen. Baina eskualdeko gehiago ere aritu ziren lanean: Beintza-Labaiengo Jon Telletxea, Zubietako Mikel Indakotxea eta Patxi Mindegia, Aresoko Asier Pellejero eta Beintza-Labeingo Miguel Angel Etxeberria. 

Honela gelditu zen sailkapena:

Eneko Saralegi (Leitza)                                 07:32.97
Iban Resano (Dorrao)                                   08:12.28
Oier Kañamares (Arostegi)                            08:23.24
Jon Telletxea (Beintza-Labaien)                     08:27.31
Goizeder Belza (Etxarri Aranatz)                   08:28.94
Mikel Indakotxea (Zubieta)                           08:36.17
Asier Pellejero (Areso)                                  09:04.19
Miguel Angel Etxeberria (Beintza-Labaien)      09:58.85
Patxi Mindegia (Zubieta)                               11:45.03
 
Lehen bortz sailkatuak irailaren 30ean Igantzin jokatuko den finalean ariko dira eta orduan erabakiko dute txapela. Bertzalde, aipatu, txapelketan ez parte hartzea erabaki dutela Floren Nazabal, Juan Jose Erdozia eta Oihan Larretxeak eta horrenbertzez, maila galduko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun