Sorpresa handia eman eta Irurita Biek da laxoa txapelketako lehen finalista

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 26a, 07:16

Ezusteko handia ikusi zuten Iruritako plazan.

Finalerdietako joaneko partidan Arraiozen 9-3 galdu ondotik, Iruritan 9-2 irabazi zion Arraioz Sagardia taldeari

Sekulako sorpresa izan da Baztan-Errekako 38. Laxoa txapelketako lehen finalerdian. Joaneko partidako emaitza ikusita, ia inork ez zuen pentsatzen iruritarrek kanporaketari buelta emanen ziotela eta, beraz, aurtengo finalean sartu. Baino etxekoen joko maila ona, beraien motibazioa eta kintze erabakigarrietan zortea alde izan zutela alde batetik eta arraioztarrek presioa ez zutela gainditu bertzetik, txapelketako final erdietan inoiz eman den bueltarik handiena suertatu zen.

 

Lehenbiziko jokoak hagitz luzeak eta borrokatuak izan ziren (lehenbiziko orduan hiru joko bertzerik ez ziren osatu). Hamaika aukera izan zituzten Arraiozkoek bertze jokoren bat lortzeko eta kanporaketa gainditzeko, baino markagailuak 4 joko eta 2 adierazi zuenetik, iruritarrek goiti egin zuten eta arraioztarrek, berriz, presioa ezin gainditu, gero eta handiagoa.

Iruritako laukotean, denak ongi; bakoitzak bere lana ederki bete zuen, Etxandi eta Etxenike koartoak bereziki. Arraiozko taldea ez zen gaizki hasi, baino pixkanaka behera egin zuen. Mindegia bere sakeak alde guztietara bideratzen saiatu zen, baino gutxitan asmatu, Mihura ez zen partidan sartu eta Arraiozko bi koartoak ere ongi.

Jende ugari Iruritako plazan eta tentsio handia plazan. Partida akituta, arraioztarrek kiroltasun osoz onartu zuten porrota baino seguru oraindik ez zaiela disgustua kendu. Asteburu honetan jakinen dugu abuztuaren 5ean Doneztebeko finalean egonen den bertze taldea, baina berrizere sorpresa ikaragarria gertatzen ez bada, iruritarren arteko finala izanen da.

 

Irurita Biek - Arraioz Sagardia: 9 – 2 (Joanekoan: 3 – 9)

 

Irurita Biek (Jorge Azkarate – Joseba Urtasun – Iñaki Etxandi – Guillermo Etxenike) 9

Arraioz Sagardia (Mikel Mindegia – Xabier Mihura – Jon Gamio – Aritz Alunda) 2

Markagailua: 1-0, 1-1, 4-1, 4-2, 9-2.

Iraupena: Ordu bat eta 45´.

 

 

2. partida: Itzuliko partida:

Irurita Miguelene – Doneztebe Apeztegia: larunbata, 29 – 17:00etan (Joaneko partidan: 9 – 3). 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun