Errobiko 22. Festibala uztailaren 20tik 23ra iraganen da Itsasun

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 19a, 07:29

Hainbat musika estilotako emanaldiak eta ekitaldiak prestatu dituzte 

«Musika estilo ezberdinen nahasketa izanen da musikarien elkarlanaren bitartez. Ikusgarrietan artisten mestizaja emanen da, kulturen irekierak ez duelako identitatea hiltzen, baina tradizioa berpizten». Baieztapen horretatik abiatuta sortu du Ezkandrai elkarteak uztailaren 20tik 23ra Itsasun iraganen den Errobiko Festibalaren 22. edizioko programazioa.

 

Urtero bezala arte adierazpenen aniztasuna eta kulturen elkargunea izanen dira Errobiko festibalaren ezaugarri nagusiak. Kontzertuak, dantza, ibilbide poetikoak, mintzaldiak, atelierak… eskeiniko dituzten Euskal Herriko artistekin batera, Mazedonia, Senegal, Iran eta Kongoko artistak izanen dira Itsasun.

Euskal Herriko eta munduko artisten artean familia giroan sentitzeko parada eskeintzen du jaialdiak. Ikusgarri eta kontzertuetan ikusle izateaz gain artistekin partekatzea xekatzen du Ezkaindrai elkarteak, hori dela eta ikuslegoa gonbidatua da partehartzaile bilakatzera.

Ablaye Cissoko, Beñat Achiary, Mizel Théret, Christine Martineau, Koçani Orkestar, Nicola Nageotte, Jordi Cassagne, Julen Achiary, Benjamin Moussay, Kevyan Chemirani, Jean Christian Irigoyen, Jesus Aured eta Batoutos izanen dira parte hartuko duten artistetako batzuk.

Prezioei dagokionez, egunean zehar eta Batouto Balek eskeiniko duen gaueko dantzaldia urririk izanen dira. Goizeko ibilaldi musikatuak eta gaueko kontzertuak soilik ordaindu beharko dira.

 

Prentsaurrea Baionan 

Errobiko festibala aurkeztu zuten joan den astean Baionako Atalante antzokian.

Uztailaren 20tik 23ra Itsasun eginen den jaialdiko programa anitzaren berri eman zuen Beñat Achiary Errobiko Festibaleko zuzendari artitikoak. Berarekin festibalean parte hartuko duten hainbat artista zeuden present: Denise Laborde, Christine Martineau, Pascal Daudon, Mizel Théret eta Juan Gorostidi.

Achiaryk gure baitan den kulturaren erakusle den festibala dela azaldu zuen. Parte hartzaileen aniztasuna nabarmendu zuen, non hiru belaunaldik hartzen duten parte, baita Iran, Senegal, Mazedoniatik… etorritako jendeak, euskal kulturaren erakusle diren artistekin bat eginez.

Euskal artisten eskutik hiru sorkuntza aurkeztuko dira festibalean: Mizel Théreten “Iguzkia agertzen da eki aldean…”, Denise Laborde eta Christine Martineauren “Banatu Bartok” eta basa ahaide xiberutarrak oinarri hartuta Julen Achiaryk sortu duen “Haratago”.

Osteguneko programan Irango musikak eta jazza egiten dituzten Benjamin Moussay eta Keyvan Chemirani aipatu zituen Achiaryk. Ostiralean Ablaye Cissoko & Ensemble Constantinopleren “Baratze migratzaileak”, Eta Koçani Orkestar, Balkaneetatik datorren fanfarria ezaguna larunbatean izanen da, «Balkanetako talde tzigano hoberena» bezala definitu zuen Achiaryk.

Ikastaldien artean bereziki uztailaren 15etik 24ra izanen den Kongoko dantzen udako unibertsitatea nabarmendu zuen. Chrysogone Diangouayaren eskutik.

Azkenik, Jean-Christian Irigoyen eta Céline Latasak proposatzen duten “Oihanean ibil gaitezen” haurrentzako ibilbide musikalak ere aipatu zituen jaialdiko zuzendari artistikoak. Prentsaurrekoan jaialdian izanen duten parte hartzea azaldu zuten aurkezpenean izan ziren artistek.

Mizel Théret dantzari eta koreografoak jaialdian aurkeztuko dituen bi lanetaz mintzatu zen. Xistera oinarri duen “Iguzkia agertzen da eki aldean…” sorkuntza ostegunean gaueko 21:30ean aurkeztuko da festibalaren irekiera gisara. Bestalde, xoriei buruzko koreografien trilogiako azken obra ere aurkeztuko du ostiralean 21:30ean, “Xorien ihesa”, non eremu artistiko oso ezberdinetatik etortzen diren bost dantzari elkartu dituen.

Pascal Daudon margolaria, duela urte anitz festibalean parte hartu zuen, eta bere obra bat Itsasun utzi zuen opari gisara. Aurten berriz bueltatuko da, Itsasura etorri zenetik berarekin eramaten duen toki bat delako. Bere obra Sanoki gelan izanen da jaialdian zehar, eta irekiera ostegunean, uztailaren 20an eginen da.

Christine Martineau eta Denise Labordek elkarrekin sortu duten “Banatu Bartok…” aurkeztuko dute festibalean, ostegunean. Duela urte batzuk sortu zuten “Barkatu Bartok” obraren jarraipen gisara ikus daiteke sorkuntza berri hau. Lan berri honetan beste musikari batzuen laguntza dute, eta Bartoken musiketaz gain Euskal Herriko eta atzerriko obrak tartekatzen obra batzuk ere tartekatzen dira.

Juan Gorostidik, ostegunean Sanoki gelan izanen den “Identitatea, transmisioa, bersortzea munduaren itsaski handian” solasaldi-ikusgarrian parte hartuko du, Beñat Achiary, Ablaye Cissoko, Pascal Duadon eta Chrysogone Diangouayarekin batera. Gorostidik bere parte hartzea, hain arina eta aldi berean hain presente den mugaren bestaldetik etortzen den norbait bezala dela azaldu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun