Arraioz Sagardiak eta Irurita Miguelenek abantaila polita lortu dute laxoa txapelketako finalerdietan

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 17a, 07:33

Iruritako plazan jokatuko dira itzuliko bi partidak.

Joaneko partidetan, hiru jokotan utzi zituzten Irurita Biek eta Doneztebe Apeztegia

Baztan-Errekako 38. Laxoa txapelketako finalerdietako joaneko bi partidetan inork espero ez zituen emaitza argiak eman dira. Eta bietan ere markagailuak martxa berdina izan du, hau da, hiruna joko berdin eta gero talde batek falta ziren jokoak segidan lortu ditu partida irabazi arte. Beraz, Arraioz Sagardia eta Irurita Miguelene taldeak faborito argiak dira abuztuaren 5an Doneztebeko plazan finala jokatzeko. Hala ere, bi partidak luzeak eta onak izan ziren eta bai Arraiozko bai Doneztebeko plazetan jende anitzbildu eta sekulako giroa sortu zen. Nabari da txapelketa azken txanpan sartu dela.

 

Arraioz Sagardia (Mikel Mindegia – Xabier Mihura – Jon Gamio – Aritz Alunda) 9

Irurita Biek (Jorge Azkarate – Joseba Urtasun – Iñaki Etxandi – Guillermo Etxenike) 3

Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 3-2, 3-3, 9-3.

Iraupena: Ordu bat, 45´

Arraiozko taldearen erakustaldia, urteko partidarik hoberena jokatuz; lau jokalariak ezin hobe aritu ziren. Mindegia sakalariak min handia egin zuen, beti luze sakatzen, batzuetan estratara, bertzetan elizako frailetara; errestoan ere Mindegia paretan eta Mihura estratan hagitz ongi ibili ziren; Alunda eta Gamio koartoak, berriz, zenbat eta zenbat arrai egin eta irabazi. Iruritarrak ez ziren gaizki hasi; Azkarate ezkerrak hasieran bere sakeak estratara bideratu zituen, gero azpitik saiatu zen, baino arraioztarrek beti erantzun onak eman; errestoan Urtasunek hartu zuen ardura baina pixkanaka itzali egin zen. Partida oso ona, ederra, bizia eta intentsitate handikoa; plazan bildu ziren ikusleek, nahiz eta tentsioa izan, disfrutatu egin zuten. Larunbata honetan jakinen dugu Arraiozko taldearentzat emaitza hau nahikoa den finalean sartzeko.

 

Doneztebe Apeztegia (Jon Apeztegia – Ramontxo Etxebeste – Joseba Juanena – Iban Santesteban) 3

Irurita Miguelene (Xabi Barberena – Gorka Urtasun – Egoitz Prim – Jagoba Ramos) 9

Markagailua: 0-2, 1-2, 1-3, 3-3, 3-9.

Iraupena: 2 ordu, 15´

Partida hau, nahiz eta luzeagoa, ez zen Arraiozkoa bezain ona izan. Doneztebarrak, nahi eta ezin. Etxekoek partida kaxkarra eskaini zuten; Apeztegia sakalari ezkerrak min gutxi egin zuen, Etxebeste ez zen paretatik fin ibili errestatzen eta bi koartoak, berriz, zorterik gabe. Egia da iruritarrek partida handia egin zutela eta dena ongi atera zitzaiela; arrats itxura ona eman zuten, partida serioa eta akats gutxirekin. Gehien nabarmendu zena Urtasun izan zen, bera izan partidako jokalaririk hoberena, harritzeko kintze eta pilotakadak joz eta Barberenak besoa freskoa eta bizia duela erakutsi zuen eta lesioa guztiz gainditu duela. Bear Zana plazako giroa, ezin hobea; txapelketa osoan bildu den ikusle kopururik handiena. Lastima partidak emozio gutxi izan zuela.

 

Itzuliko partidak:

Irurita Biek - Arraioz Sagardia: larunbata, 22 – 11:00etan

Irurita Miguelene – Doneztebe Apeztegia: larunbata, 29 – 17:00etan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun