Ingude altxatzen 9 kiloko ingudeari 99 altxaldi eman zizkion minutu eta erdian Maika Ariztegik, marka berria eta bikaina ezartzeko. Virginia Finol izan zen bigarren (92 altxaldi), Antsoaingo Irune Biurrun hirugarren (83 altxaldi) eta Elgorriagako Irune Izkue laugarren (79 altxaldi).
Gizonezkoetan, 18 kiloko ingudea zuten lanerako eta Josetxo Urrutia leitzarrak 87 altxaldi eman zizkion eta Berako Aritz Izuzkizak eta Berriozarko Imanol Martinek 83na. Berakoak lortu zuen bigarren postua, pisuz arinena delako.
XIX. San Fermin Motozerra sarian bi irudi egin behar izan zituzten motozerrarekin. Juan Asin izan zen txapelduna, Mikel Lasarte bigarren eta Peio Kañamares hirugarren.
Azken txapela, harri jasotzekoa
Gaur eguerdian, Nafarroako harrijasotze txapelketa erabakiko da, herri kiroletako azken jardunaldian. Leitzako Josetxo Urrutia eta Etxalarko Xabier Ariztegi ‘Santxin’ izanen dira eskualdeko ordezkariak eta Iruñeko Albaro Zugarrondo ere ariko da. Hiru harri ezberdinekin bi minutuko txandak egin beharko dituzte (125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola). Aizkora erakustaldia eskainiko dute Iker Vicentek eta Ruben Saralegik eta motozerra erakustaldia Mikel Lasartek.