Nafarroako txapela eta errekorra berriro ere Onsalo eta Astiasaranentzat

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 10a, 11:16

Itxaso Onsalo eta Leire Astiasaran, Aresotik animatzera joandako lagunekin batera.

Itxaso Onsalo aresoarra eta Leire Astiasaran ziren faboritoak eta ez zuten barkatu. Aurkariei aukerarik eman gabe, Nafarroako txapela eskuratu eta iaz lortu zuten errekorra hautsi zuten, 45 ontzako enborrari 10 epai emateko 3 minutu eta 47 segundo behar izan zituzten.

 

Minutu batetik gora atera zieten bigarren sailkatu ziren Iraizoz ahizpei, hauek 4 minutu eta 46 segundo behar izan baitzituzten. Hirugarren postuan bukatu zuten Nerea Sorondo eta Amaia Garciak (05:36) eta haien atzetik, Izkue eta Biurrun (06:45) eta Rodriguez eta Etxeberria (06:49) sailkatu ziren.

Gaur, gizonezkoen eta emakumezkoen txinga txapelketa eta lasto altxatze txapelketa jokatuko dituzte. Gizonezkoen txinga txapelketan Migel Angel Sukuntza leitzarra izanen da eskualdeko ordezkaria, emakumezkoetan azken urteetan txapeldun izan den Xanta Sousa lesakarra eta lasto altxatze txapelketan bi amaiurtar ariko dira nor baino nor gehiago ariko dira: Iñigo Goienetxe eta Lander Landiribar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun