Iruñeko Sanferminetan Nafarroako hainbat herri kirol txapelketa erabakiko dira

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 6a, 10:50

Emakumezkoen eta gizonezkoen arpana txapelketarekin hasiko da egitaraua. Larunbatean jokatuko dute.

Foruen Plazan, larunbatean hasi eta eguerditan egunero

Ohikoa denez, Iruñeko Sanferminetako eguerdietan, Foruen Plazan herri kiroletako Nafarroakohainbat txapel jarriko dira jokoan.

 

 

Uztailaren 8an, Nafarroako lehen mailako trontza txapelketa eta emakumezkoen trontza txapelketa jokatuko dituzte. Gizasemeen artean ez da eskualdeko ordezkaririk izanen, bai emakumeen artean ordea: berriki Euskal Herriko txapeldun izan diren Aresoko Leire Onsalo eta Zizurkilgo Leire Astiazaran izanen dira faborito nagusia. Beraiekin batera, Berako Nerea Sorondo eta Amaia Garcia, Elgorriagako Irune Izkue eta Antsoaingo Irune Biurrun eta bertze bi bikote lehiatuko dira. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai egin beharko dizkiote. Aimar Irigoien harri-jasotzaileak ere erakustaldia eskainiko ditu.

Uztailaren 9an, Nafarroako bikotekako aizkora txapelketa eta orga txapelketa erabakiko dira; orga jokoan Iruñeko hiru kirolari ariko dira eta aizkora bikoteak, berriz, Iker Vicente eta Julen Kañamares, Juan Jose Lopez eta Jon Rekondo leitzarra eta Ruben Saralegi leitzarra eta Donato Larretxea aranztarra. Bikote bakoitzak sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko ditu.

Uztailaren 10ean gizonezkoen eta emakumezkoen txinga txapelketa eta lasto altxatze txapelketa jokatuko dituzte. Gizonezkoen txinga txapelketan Migel Angel Sukuntza leitzarra izanen da eskualdeko ordezkaria, emakumezkoetan azken urteetan txapeldun izan den Xanta Sousa lesakarra eta lasto altxatze txapelketan bi amaiurtar ariko dira nor baino nor gehiago ariko dira: Iñigo Goienetxe eta Lander Landiribar.

Uztailaren 11n, Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa eta kadete mailako arpana txapelketa jokatuko dituzte. Ezkurrako festetan jokatuko den finalerako bortz txartelen bila ariko diren hameka aizkolarien artean Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria eta Jacinto Etxekonanea eta Ezkurrako Moises Gogorza daude. Bi kanaerdiko moztu beharko dituzte. Kadete mailako arpana txapelketan berriz, Baztango Basaburuako Unai Aleman eta Xabier Mitxelena eta Xabier Arraztoa eta Imanol Etulain daude bortz bikoteen artean. Kimu mailako proba konbinatuan Igantziko neska-mutikoak ere ariko dira.

Uztailaren 12an ez da txapelketa ofizialik jokatuko, baina herri kirolak ez du hutsik eginen. Kañamares anaien erakustaldiaz gain, emakumezkoen aizkora erakustaldia ere izanen da bikoteka. Hiru bikote ariko dira: Iturengo Maika Ariztegi eta Berako Amaia Garcia, Aresoko Itxaso Onsalo eta Berako Nerea Sorondo eta Elgorriagako Irune Izkue eta Zizurkilgo Leire Astiazaran. Bikote bakoitzak 45 ontzako lau enbor moztuko ditu. San Fermin sokatira torneomistoa 4x4 ere jokatuko dute Beti Gazte, Berriozar, Txantrea eta Antsoain taldeek, 280 kiloko kategorian.

Uztailaren 13an, emakumezkoen eta gizonezkoen Nafarroako ingude altxatze txapelketak jokatuko dituzte. Gizonezkoetan Leitzako Josetxo Urrutia eta Berako Aritz Izuzkiza izanen dira eskualdeko ordezkariak eta emakumezkoetan, Iturengo Maika Ariztegi eta Elgorriagako Irune Izkue. XIX. San Fermin Motozerra txapelketa eta Tubiren eskutik, lasto altxatze ela lasto botatze erakustaldia ere izanen dira.

Uztailaren 14an, azkenik, Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatuko da eta Leitzako Josetxo Urrutia eta Etxalarko Xabier Ariztegi ‘Santxin’ izanen dira eskyaldeko ordezkariak. Hiru harri ezberdinekin bi minutuko txandak egin beharko dituzte (125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola). Aizkora erakustaldia eskainiko dute Iker Vicentek eta Ruben Saralegik eta motozerra erakustaldia Mikel Lasartek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun