Arantzako herriaren kasuan, eraikuntza huts eta utziak berritzeko edota berreraikitzeko planak sustatuko ditu hitzarmenak, behin-betiko abandonatzea saihesteko. Ondasun kulturalari dagokionez, Herri Ondasunaren Katalogo berri bat eginen da, udalerriaren interes kulturaleko elementuak aintzat hartuz. Bestalde, mendiguneak identifikatu eta analizatu beharko ditu udaletxeak, batez ere, Artikutzako gunea, Latsa erreka inguruko ur jarioak, San Juan Xarreko Erreserba Naturala eta Bidasoa ibaia. Aurrekontua 95.000 eurokoa da, Nafar Gobernuak 76.000 finantzatuko ditu.
Aresoko plan urbanistikoak Astabelaren ekosistema eta gune urperagarriak ikertzea hartzen du aintzat. Hirigunetik pasaeran, errekak sortzen dituen arriskuak eta lokalen edo etxebizitzen erabilera parekatu beharko dituzte, etxeguneak ikertuz. Aurrekontua 70.000 eurokoa da eta 56.000 ordainduko ditu Nafarroako Gobernuak.
Iturengo udal planak etxebizitzarako behar den lurzoruaren beharra ikertuko du, herriak dituen hiru nukleoak kontuan hartuz. Hornidura azpiegitura orokorrak leku egokiagoetan kokatzea eztabaidatuko da, eman beharreko zerbitzuaren arabera. Udal plan honekin Malerrekaren antolaketa urbanistikoa osatuko da, Ezkurra errekak duen funtzio komunikatiboa aintzat hartuz. Bertzalde, Mendaurko mendigunea ere ikertuko da lurzoruaren bermoldaketan. Aurrekontua 50.000 eurokoa da eta 40.000ko diru-laguntza emanen du Nafar Gobernuak.
Orotara, 10 udalerrien aurrekontua 1.035.000 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuak 826.000 ordainduko ditu.