Plazaolako Bide Berdeko maratoia eta maratoi erdia irailaren 17an

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 20a, 07:00

Plazaolako Maratoia aurkeztu dute Leitzan

Joan zen ostiralean aurkeztu zuten Divesport enpresa antolatzaileak eta lasterketaren babesle diren erakunde eta entitateek irailaren 17an, igandez, eginen diren Plazaolako Bide berdeko maratoia eta maratoi erdia. Aurten, bigarren aldiz eginen da Lekunberrin abiatuko den eta Andoainen amaituko den 42 kilometroko lasterraldia. XI. Maratoi Erdia aldiz, Leitzatik abiatuko da Andoainen bukatzeko, 26 kilometroko korrikaldiaren ondotik.

Aurtengo antolatzailea Divesport enpresa kataluniarra da, bide berdeetako maratoietan berezitua. Estatu mailan bertze 5 maratoi antolatzen ditu, eta 2015ean Europa mailako sari bat jaso zuen. Bestalde, probak Nafarroako Gobernuaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Basquetour- Eusko jaurlaritzaren, Andoain, Leitza, Lekunberri eta Larraungo udalen, Araitz Kirol Mankomunitatearen, Areso, Betelu, Larraun eta Lekunberriko KIROLMANKen babesa du. Erran dutenez, tokiko ekonomiarentzat bultzada bat dakar kirol probak, iazko kirolarien %35 beste komunitate autonomoetakoak edo atzerritarrak baitziren.

Izena emateko 1. epea ekainaren 30ean bukatzen da, eta bertze bi epe izanen dira, abuztuaren 18rarte eta irailaren 12rarte. Antolatzaileek iazko 435 parte hartzaileen marka gainditzea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun