7.781 herritarren bozarekin erabakiaren bideari ekin dio Nafarroak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko eka. 19a, 08:16
Leitzan mila herritar baino gehiagok eman dute botoa.

Bortzirietan 1.914 herritarrek bozkatu dute eta Leitzaldea-Urumealdean 1.579k

Urtebeteko prozesuaren ondoren, Nafarroako hainbat herri eta eskualdetan, tartean, Bortzirietan eta Leitzaldea-Urumealdean hitza hartu dute etorkizun politikoaren inguruan. Denera 7.781 herritarrek boza eman dute (deituak zeudenen %28,73), tartean 1.914 lagunek Bortzirietan eta 1.579 Leitza, Goizueta, Areso eta Aranon.

 

Bortzirietan, Arantzan 310 boz bildu dituzte (%60,31), Beran 626 (%19,79), Etxalarren 178 (%26,97), Igantzin 215 (%41,59) eta Lesakan 585 (%25,27). Mendialdean, Aranon 59 boz (%61,46), Areson 105 (%42,51), Goizuetan 404 (%63,32) eta Leitzan 1.011 (%40,04).

 

Erantzun beharreko galderak

Erantzun beharreko galderak desberdinak izan dira Bortzirietan eta Mendialdean. Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu? galderari erantzun diote Bortzirietan. Arantzan, botoa eman duten 310etik 288 (%92,90) baiezkoa eman dute, 7k ezezkoa (%2,26), 12k zuri (%3,87) eta 3 boto baliogabeak ziren (%0,97). Beran, 626tik 610ek baiezkoa eman dute (%97,44), 10ek ezezkoa (%1,60) eta 5ek zuri (%1,69). Boto bakarra izan da baliogabea. Etxalarren 178tik 171k baiezkoa eman dute (%96,07), 4k ezezkoa eta 3k zuri. Igantzin, 215etik 198k baietz erantzun dute (%92,09), 8k ezezkoa (%3,72), 8k zuri (%3,72) eta 1 baliogabea. Lesakan, 585etik 553k baiezkoa eman dute (%94,53), 18k ezezkoa (%3,08) eta 12k zuri (%2,05), 2 boto baliogaberekin.

 

Mendialdean, berriz, bi izan dira galderak: Nahi al duzu Nafarroako herri tarrok gure etorkizun politikoa modu askean erabakitzea? eta baiezkoa bada, Nahi al duzu Euskal Herri libre bateko herritarra izan?

Bieri baiezkoa eman diotenak, Goizuetan 404tik 368 izan dira (%91,09) eta Leitzan 1.011tik 922 (%91,20), Areson 105etik 104 (%99,05) eta Aranotik 59tik 54 (%91,5).

 

Balorazioa

Gure Esku Dagok ekainaren 18ko galdeketaren balorazio baikorra egin du: “Ahaldundu egin gara. Herriz herri antolatu gara, galdeketaren aldeko indarrak bildu ditugu, herritarrei galdetu diegu eta sinaduren bidez gutxieneko atxikimenduak bildu ditugu, atxikimendu anitzak bildu ditugu, mintegiak eta tailerrak egin ditugu galdera adosteko… prozesu parte-hartzaile eta bateratzailea egin dugu galdeketara iristeko, eta gaur, hamaika boluntarioren laguntzarekin, herri galdeketak posible egin ditugu. Gaur erakutsi dugu Nafarroan ere badela borondate eta konpromisorik erabakiaren bideari ekiteko. Ezina ekinez egiten delako. Horregatik, datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dugu, borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauzatu arte, libre eta demokratikoki. Gaur pauso bat hurbilago gaude atzo baino helburu horretatik. Bide berri bat hasi dugu Nafarroan, jarraipena izango duen itxaropenarekin”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun