Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modua izanen dute Bortzirietan eta Mendialdean ekainaren 18an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko eka. 16a, 09:01

Aste osoan zehar bozkatzeko aukera izaten ari da. Argazkia, Igantzin ateratakoa da.

Eskualdeko 10.630 herritar deitu dituzte herri-galdeketetan parte hartzera

Erabakitzeko eskubidea aldarrika­tzetik, gauzatzera. Gure Esku Dago esatetik, hitza hartzera. Pauso hori emateko aukera izanen dute ekainaren 18an Arano, Areso, Arantza, Bera, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Leitza eta Lesakako herritarrek. Herritarrak izan dira dinamikaren ardatza eta igandean ere beraiek izanen dira protagonista: erabaki eginen dutelako, hala nahi izan dutelako.

 

Hitzetatik ekintzetara jo eta herri-galdeketa antolatu eta gauzatzeko sortu ziren Bortzirietako Eman Bortzekoa eta Mendialdeko Gure Esku Dago Elkarteak. Duela sei hilabete inguru egin zituzten elkarteen jendaurreko aurkezpenak eta  eskuz esku, ilusioa ardatz hartuta, bete dute erronka: Ekainaren 18an eginen dira eta herri-galdeketak.

Orain arteko bidean, elkarlana izan da gakoa eta baita herritarrek galdeketari erakutsi dioten babesa ere. Galdeketa egin ahal izateko beharrezko sinadura kopurua jaso ondotik, galdera adostea izan zen hurrengo pausoa, prozesu parte-hartzaile eta irekia martxan jarriz. Galdera ahalik eta modu zabalenean adosteko, herriz herri, lagunartean, familian, lankideekin, inguruko jendearekin modu ezberdinetan biltzeko aukera izan dute, denen iritziak eta proposamenak jasoz.

 

Erantzun beharreko galderak

Hala, erantzun beharreko galderak desberdinak dira Bortzirietan eta Mendialdean. Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu? galderari erantzunen diote Bortzirietan. Mendialdean, berriz, bi izanen dira galderak: Nahi al duzu Nafarroako herri tarrok gure etorkizun politikoa modu askean erabakitzea? eta baiezkoa bada, nahi al duzu Euskal Herri libre bateko herritarra izan?.

 

16 urte eginak eta erroldatuta

Herri galdeketaren antolatzaileek galdeketak berme guztiak izatea ­nahi dute eta horregatik zorrotz eginen dute prozesu guztiaren ja­rraipena. Ez dira ohiko hauteskundeak izanen baina bozketaren prozedura  antzekoa izanen da, aldaketa ttiki batzuekin. 16 urtetik gorako herritar guztiek izanen dute galderari BAI edo EZ erantzun edo boto zuria emateko aukera. Herritarrek erroldatuta dauden herrian eman beharko dute botoa. Udalerri bakoitzak mahai bana izanen du eta Alkaiagan eta Suro auzoan ere jarriko dute bana.

 

Beharrezko agiriak

Botoa emateko orduan ezinbestekoa izanen da norbere burua identifikatu eta herri horretan bizi dela egiaztatzea. NAN agiria edo pasaportea erabili ahal izanen dira eta horren ordez gida-baimena edo EHNA aurkezten dutenek udaletxeko errolda agiria ere aurkeztu beharko dute.

 

X batez adierazi

Botoa emateko orduan etxez etxe banatutako gutunazal eta botoak erabiltzeko aukera izanen da. Bestela, bozkaleku bakoitzean ere izanen da paperak hartzeko aukera. Hori bai, boto-papera etxetik eramanda edo bozkalekuan hartuta, BAI edo EZ erantzun nahi dutenek X bat idatzi beharko dute aukeraren laukitxoan X bat BAI erantzunari, edo X bat EZ erantzunari.

 

Aldez aurretiko bozka

Ekainaren 18an, egun osoz, 09:00etatik 20:00etara izanen da bozka­tzeko aukera. Igandea seinalatu dute egutegietan Gure Esku Dago dinamikako kideek baina aldez aurretik ere, izaten ari da bozka emateko aukera. Herri gehienetan astean zehar bozkatzeko aukera izan da eta oraindik ekainaren 16an, ortziralean, izanen da horretarako aukera Lesakan, Arantzan eta Beran, 19:00etatik 21:00etara. 

Antolatzaileek ez dute errolda ofizialik, baina sistema informatiko bat erabiliko dute pertsona batek bi aldiz bozkatzen ez duela berma­tzeko. Ho­rrekin batera, herri-galdeketetan ja­rraitu beharreko prozedura aztertu eta galdeketa egunean zuzen betetzen dela egiaztatzeko, kontrol batzordea, jarraipen batzordea eta begirale taldea ere ariko dira lanean.

 

Emaitzak biharamunean

Herriz herriko emaitzen berri erran.eus atarian izanen duzue biharamunean eta baita ekainaren 29ko aldizkarian ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun