Nafarroako koxkor biltze txapelketak ekainaren 18an jokatuko dituze Uharten

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 14a, 07:50

Iaz txapeldun izan zen Unai Iantzi aniztarra Nafarroa ordezkatzen 7 Herrialdeen arteko txapelketan Donostian. Aurten ere eskubide hori izanen du txapeldunak.

Lehen bi postuetan sailkatutako emakume nahiz gizonezkoek Euskal Herrikoan parte hartuko dute eta lehen gizasemeak Zazpi Herrialdeen arteko txapelketan ordezkatuko du Nafarroa

Nafarroako gizonezkoen eta emakumezkoen koxkor biltze txapelketak jokatuko dituzte ekainaren 18an, igandean 13:00etan Uharten. Gizonezkoen txapeldunak, txapela ez ezik, Nafarroako selekzioarekin irailaren 9an Saran jokatuko den Zazpi herrialdeen arteko txapelketan parte hartzeko eskubidea izanen du. Emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan, lehen bi sailkatuek Euskal Herriko txapelketan ere parte hartu ahal izanen dute.

Bosna kirolari ariko dira lehian, bi lerrotan 1,25 metrotara jarriak dauden 50 koxkor biltzeko lanean. Gizonezkoen artean, gaur egungo Nafarroako txapelduna den Anizko Unai Iantzi, Etxalarko Iñigo Lasaga, hamar aldiz Euskal Herriko txapeldun eta errekorra duen Berako Fernando Etxegarai, Arostegiko Imanol Kañamares eta Txantreako Aitor Blanco ariko dira. Emakumezkoetan, Euskal Herriko txapela hamalau aldiz eta Nafarroakoa hainbatetan irabazi duen Maika Ariztegi iturendarra izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta berekin batera, Eltsoko Ainhoa Iraizoz, Txantreako June Etxeberria eta Antsoaingo Irune Biurrun eta Saioa Zurbano ariko dira norgehiagokan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun