Hain zuzen, probaren lehen zatia, Donostia eta Doneztebe artekoa zen, 66,8 kilometrokoa. Donezteben zegoen probaren lehen hidratazio-eremua. Zati honetan, binakako taldeen artean laugarren ziren Errekakoak eta Tafallara ailegatu zirenean, bigarrenak. Baina Zueratik 100 kilometrora, track-arekin arazoak izan zituzten, galduta ibili ziren eta etxerako bidea hartu behar izan zuten Igor Agestak eta Eneko Herrerak, bigarrenak zirenean.
Asier Valverdek ere, bertze parte-hartzaile gehienek bezala, zenbait arazo izan zituen. Aragoi aldean, erraterako, baimenak zirela eta arazoak izan zituen Guardia Zibilarekin eta Aragoiko bi etapak neutralizatu egin zituzten, Balaguerrera iritsi arte. Azkenean, 709 kilometrotik 190 kendu behar izan zituzten probatik. Honela, 519 kilometroak egiteko, 32 ordu, 30 minutu eta 7 segundo behar izan zituen Asier Valverdek. Ibilbidea bakarka egitera atera ziren 58 txirrindularietatik 27 ailegatu ziren helmugara, erdia baino guttiago eta horien artean hamargarren izan zen Berakoa. Halere, «beroarengatik eta ibilbidearengatik hagitz gogorra» egin zaiola onartu du Valverdek.