Bioterraren erakusketa hiru erabilera eremu handitan antolatu da. Bat produktu eta ekimen ekonologikoena da eta nekazaritza ekologikoko elikagaiak, kosmetika eta ehunak egoteaz gain, bertan emanen dute kudeaketa ekologikoko ekimenen berri ere, Bioterra Gunea izanen da.
Naturall Gunean osasunarekin eta ongizatearekin zerikusia duten sektoreak bilduko dituzte. Ingurunearekiko ikuspegi arduratsua eta errespetuzkoa dutenak egonen dira bertan.
Eskaintza osatzeko, Geobat gunea ere jarriko dute Ficoban, bioeraikuntzaren eta energia berriztagarrien gunea; irtenbide profesionalak izanen dira, eraikuntza osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena lantzeko; kontsumoa murriztu eta energia naturalak aprobetxatzen dituzten instalazio energetikoak eta Ekonomia Berdean lana egiten duten profesionalak eta enpresak.
Ikusleentzako hainbat berrikuntza
Aurtengo proposamenean hitzaldien programa nabarmentzen da, aditu ugari izanen baita hiru egunetan; Biobeauty Gunea kosmetika ekologikoaren txokoa da, hitzaldiak eta erakustaldiak izanen dira bertan; Sukaldean sukaldaritzako erakusketak eginen dira; antzerki eta askari Eko osasungarriak txikienentzat; terapien erakusketak; Bioterrako erakusketariek beren produktuak eta zerbitzuak aurkezteko gunea; geobiologiako erakusketak edo haurrak sentsibilizatzeko jarduerak. Jarduera horiek guztiak eta gehiago Bioterrako web orrialdean (http://bioterra.ficoba.org) daude zehaztuta.
Aurten jarduera paraleloen programa bat ere izanen da: Bioterra Yoga Day. Bioterrazan eskainiko den master class bat. Gune gastronomiko hau iaz inauguratu zen kanpoaldean eta aurten handitu egin da, iaz hagitz harrera ona izan zuelako. Bioterrazan bisitariek sukaldaritzako eskaintza zabala izanen dute, Azokara etorriko diren erakusketariei esker.