Lekunberrik ‘Bide Berdeen Egunaren’ beste edizio bat hartuko du maiatzaren 27an. Plazaola Partzuergo Turistikoak urtero antolatzen du jaiegun hori Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, eta Lekunberrin eta Leitzan ospatzen da, txandaka.
Egun osoan zehar ‘Bide Berdeen egunak’ hainbat jarduera eskaintzen dizkie bertaratzen direnei, trenbidearen ibilbide zaharrak nola birgaitu diren eta zikloturistentzat ibilbide eta mendi-ibilbide nola bihurtu diren ezagutzera emateko. Eguna aprobetxatzen da, modu berean, eremu horiek aisiarako, jolaserako era turismorako erakargarri gisa sustatzeko, eta eremua bere osotasunean ezagutzera emateko, haren zerbitzu-eskaintza (ostatuak, jatetxeak, artisauak, eta abar) eta turismo-eskaintza osoa barne.
Bide Berdeen eskaintza zikloturistaren eta mendi-ibilien eskaintzaren inguruan antolatzen dira jarduera nagusiak. Hala, Bide Berdean barrena ibilaldi bat egin nahi dutenek 4 kilometrotik 19 kilometrora bitarteko hainbat ibilbideren artean aukera dezakete, Aresotik (9:00h), Leitzatik (9:45h), Etxeberritik (9:45h), Latasatik (11:15h), Mugirotik (11:45h) abiatuta, eta Lekunberri-Mugiro-Lekunberri (12:00h) ibilbidea egiteko aukera ere badute. Gainera, 11:30etik aurrera ibilbide animatu batek familia osoa parte hartzera gonbidatuko du.
Programaren barruan martxa nordikoa sartu da, 10:30ean hasiko dena bastoien hastapen-ikastaro batekin (bastoiak eskainiko dira, baina izena eman behar da 948 507 205 telefonoan edo plazaola@plazaola.org helbide elektronikoan, makila kopurua mugatua baita). Jarraian, parte-hartzaileek ibilbide bat egin ahal izango dute modalitate horri jarraikiz, Lekunberritik Bartolo Tuneleraino lehenbizi, eta handik berriz ere Lekunberriraino bueltatuz.
Goizean haurrak animatzeko jarduerak antolatuko dira, hala nola ‘txu-txu’ trena, Lekunberrin barrena ibiliko dena, puzgarriak, pailazoak eta globofexia-tailerra. Gainera, artisautza-merkatuan bertako hainbat produktu eskainiko dira, besteak beste gazta, taloak, bitxiak, sagardoa, eztia edo zurez egindako lanak.
Plazaolaren Bide Berdea
Plazaolaren ibilbide zaharra Larraun eta Leitzaran bailaretan barrena joaten da, eta, birgaitu denez geroztik, 43 kilometro dauzka (21 Nafarroan), Lekunberri eta Gipuzkoako Andoain herria lotuz. Lekunberriko tren-geltoki zaharra 1998an zaharberritu zen, eta Plazaolaren Turismo Partzuergoaren eta Turismo Bulegoaren egoitza da gaur egun. Artisautza-denda bat dauka, baita proiekzio-gela bat ere, eta bertaratzen denak trenaren historiari buruzko erakusketa ikus dezake bertan, baita bagoi bat ere, txikienen gozamenerako.