Uraren goi hornidura
Uraren goi hornidurako inbertsioen programaren barnean, Urdazubi herrian eta auzoetan 330.000 euroko inbertsioa eginen du Nafarroako Gobernuak, erdia aurten eta bertze erdia 2018an. Baztanen, Iruritako konponbidearen laugarren fasea egiteko 150.000 euro erabiliko ditu 2018an; Beran, Ibardinen, 250.000 euroko inbertsioa eginen du heldu den urtean, Eltzaurdiko biltegian eta lotuneetan. Doneztebeko ur-biltegian 300.000 euroko inbertsioa eginen du 2019an; Baztanen Txiskeñako iturriko hodirako 138.000 euro erabiliko ditu aurten eta Zugarramurdin, hargune eta hodi berriak egiteko 62.000 euro aurten. Programa honen baitan, erreserban gelditu dira Aurtizko errekako hargunea hobetzeko aurreikusitako 200.000 euroak. Eta aldiz, ez dira onartu, Iruritako konponbidearen 3. fasean Zigan egin beharreko ur-hornidura lanak.
Hiri hondakinen tratamendua
Hiri hondakinen tratamendurako inbertsioen programaren baitan, bilketa-guneetarako 125.598 euro jasoko ditu Mendialdeko Mankomunitateak aurten, eta lan bera egiteko 385.000 euro Bortzirietako Mankomunitateak. Horietatik 192.500 euro aurten hartuko ditu eta bertze gainerakoa heldu den urtean. Erreserban gelditu dira Malerrekan bilketa-guneetarako aurreikusitako 385.000 euroak.
Banda zabalerako sarbidea
Banda zabalerako sarbide sareak hedatzeko azpiegitura pasiboen arloko inbertsioen sailean, Leitza eta Aresoko azpiadarrak egiteko 88.000 eta 44.000 euro inbertituko ditu Gobernuak, hurrenez hurren, aurten. Berako adarra egiteko, berriz, 30.800 euroko inbertsioa eginen du 2018an. Atal honetan, erreserban gelditu dira Etxalarko adarra (96.800 euro), Doneztebetik Zubietarako adarra (184.800 euro) eta Donamariakoa (88.000 euro).