Ia bi milioi euro inbertituko ditu Gobernuak eskualdean, uraren goi hornidura, hiri-hondakinak eta banda zabalerako hainbat lan egiteko

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 25a, 11:35

Landibar auzoa Urdazubin. Herriko eta auzoetako ur-horniduran 330.000 euroko inbertsioa eginen du Nafarroako Gobernuak.

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren barnean 

34 milioi euroko inbertsioa eginen duela iragarri du Nafarroako Gobernuak, uraren goi hornidura, hiri-hondakinak eta banda zabalerako lanak egin ahal izateko. Inbertsio horiek 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren barne daude. Kopuru horretatik ia bi miloi euro eskualderako izanen dira. 

 

Uraren goi hornidura

Uraren goi hornidurako inbertsioen programaren barnean, Urdazubi herrian eta auzoetan 330.000 euroko inbertsioa eginen du Nafarroako Gobernuak, erdia aurten eta bertze erdia 2018an. Baztanen, Iruritako konponbidearen laugarren fasea egiteko 150.000 euro erabiliko ditu 2018an; Beran, Ibardinen, 250.000 euroko inbertsioa eginen du heldu den urtean, Eltzaurdiko biltegian eta lotuneetan. Doneztebeko ur-biltegian 300.000 euroko inbertsioa eginen du 2019an; Baztanen Txiskeñako iturriko hodirako 138.000 euro erabiliko ditu aurten eta Zugarramurdin, hargune eta hodi berriak egiteko 62.000 euro aurten. Programa honen baitan, erreserban gelditu dira Aurtizko errekako hargunea hobetzeko aurreikusitako 200.000 euroak. Eta aldiz, ez dira onartu, Iruritako konponbidearen 3. fasean Zigan egin beharreko ur-hornidura lanak.

 

Hiri hondakinen tratamendua

Hiri hondakinen tratamendurako inbertsioen programaren baitan, bilketa-guneetarako 125.598 euro jasoko ditu Mendialdeko Mankomunitateak aurten, eta lan bera egiteko 385.000 euro Bortzirietako Mankomunitateak. Horietatik 192.500 euro aurten hartuko ditu eta bertze gainerakoa heldu den urtean. Erreserban gelditu dira Malerrekan bilketa-guneetarako aurreikusitako 385.000 euroak.

 

Banda zabalerako sarbidea

Banda zabalerako sarbide sareak hedatzeko azpiegitura pasiboen arloko inbertsioen sailean, Leitza eta Aresoko azpiadarrak egiteko 88.000 eta 44.000 euro inbertituko ditu Gobernuak, hurrenez hurren, aurten. Berako adarra egiteko, berriz, 30.800 euroko inbertsioa eginen du 2018an. Atal honetan, erreserban gelditu dira Etxalarko adarra (96.800 euro), Doneztebetik Zubietarako adarra (184.800 euro) eta Donamariakoa (88.000 euro).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun