Bidasoaldeko Lanbide Heziketa zentroaren balizko kokapenak bertatik bertara ezagutu dituzte

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 24a, 09:31

Parlamentariak eta udal ordezkariak, Lanbide Heziketa Zentrorako kokapen posibleak aztertzen.

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak eskualdeko udal agintariekin batera ikusi dituzte  maiatzaren 23an

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak, EH Bilduren eskaria betez, Baztan-Bidasoaldeko Lanbide Heziketa Zentro Integrala kokatzeko aztertzen ari diren hiru balizko kokapenak bisitatu zituen maiatzaren 23an. Eskualdeko alkateekin batera Narbarten, Oronoz-Mugairin eta Donezteben izan ziren.

 

Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko Luis Zarraluqui (UPN), Isabel Aranburu eta Consuelo Satrustegi (Geroa Bai), Esther Korres (EH Bildu), Tere Saez eta Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno (PSN) eta Javier Garcia (PPN) izan dira bisitan.

Zentro berriak 15.000 eta 20.000 metro koadro artean hartuko lituzke. Baztan, Bertizarana nahiz Doneztebeko Udalak prest daude eremu horiek uzteko eta batzuen nahiz bertzeen aldekoak eta kontrakoak aztertu dituzte eskualdeko udal ordezkariekin batera.

Oronozko eremua, suhiltzaileen parkearen gibeleko aldean dago eta Nafarroako Gobernuarena da jabea. Narbartekoari dagokionez, 20.000 metro koadro ditu eta horietatik 18.000 udalarenak dira eta bertze 2.000 metro Martiko enpresarenak, baina udalari derrigorrez uzteko aukera badu.

Doneztebekoari dagokionez, Baztan-Bidasoaldean erditsuan dagoela da bere abantaila nagusia. Eremua partikular batena da, baina badirudi udalarekin negoziatzeko prest dagoela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun