¿Marrones? Sí, gracias / Organikoak? Bai, mila esker izenarekin, hondakin biodegradagarriak, janarien, inausketen eta lorezaintzako hondakinak nagusiki dagokion edukiontzian edo ontzian bukatzea da helburua, berriro erabili ahal izateko. Behar ez den tokian botatzen badira, materia organikoa ezin da berreskuratu eta bertze zati batzuk kutsa ditzake, hala nola ontziak.
Kanpaina bi astetan zabalduko da, komunikabideetan, irrati-iragarkietan, lineako hedabideen banneretan eta tokiko erakunde bakoitzak bere berariazko beharren arabera eginen dituen jardueren bidez.
Ekimen honen asmoa da zati organikoa, herri bakoitzean ezarrita dagoen sistemaren arabera, bereizteko eta botatzeko konpromisoa hartzeak duen garrantzia nabarmentzea herritarrei: botatzeko berariazko sistema (5. edukiontzia edo atez ate biltzea), edo konpostajea tratatzeko sistema (etxekoa edo komunitarioa). Hondakin organikoak etxe bakoitzean ongi bereizten badira bakarrik aprobetxa daitezkeen baliabideak dira.
Kanpaina honen aurkezpena Sarrigurengo (Eguesibar) konpostaje komunitarioko sei eremuetako batean egin zuten maiatzaren 16an, eta bertzeak bertze Isabel Elizaldek, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariak; Aritz Ayesak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoko lehendakariak; Mikel Ortegak, Partzuergoko lehendakariordeak eta Alfonso Etxeberriak, Eguesibarreko alkateak parte hartu zuten. Kanpainaren edukiak aurkeztu ondoren, auzokoek botatako hondakin organikoekin konposta nola ateratzen den zuzenean ikusteko aukera izan zuten.
Ekitaldian Nafarroako gaineko mankomunitateetako erakundeetako ordezkari eta teknikariek ere parte hartu zuten, Elizalde kontseilaria lehendakaria den eta Nafarroako Gobernuko NILSA (Navarra de Infraestructuras Locales, SA) enpresa publikoak zuzentzen duen Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren barrenean daudenak. Adierazi behar du mankomunitate hauek daudela Partzuergoaren barrenean: Bortziriak, Malerreka, Alto Araxes, Sakana, Bidausi, Baztan (Udala), Eska-Salazar, Irati, Zangozako eskualdea, Mairaga, Izarbeibar, Montejurra, Erriberagoitia, Erribera eta Mendialdea.
2017-2027 Hondakinen Plana
Nafarroan ontziak, papera-kartoia eta beira bereiztea duela zenbait urtetatik ezarrita dago eta Espainiako berreskuratze-tasarik handienak lortzen ditu. Hala ere, materia organikoaren gaikako bereizketa etxeetan oraindik ez dago hain zabalduta eta ez du arrakastarik. Nafarroako Gobernuak otsailean aurkeztu zuen 2017-2017 Hondakinen Plan berriak herritarren sentikortzea nabarmentzea du helburu gisa, eta horretarako kanpaina hau egiten ari da, materia organikoa murrizteko eta zuzen bildu eta tratatzeko estrategia integral baten barruan.
Kontuan hartu behar da 2015. urtean 266.530 tona hondakin sortu zirela etxeetan eta dendetan, eta horietatik, 119.939 tona biohondakinak ziren. Nafar bakoitzak 1,14 kg hondakin sortu zituen egunero. Horietatik, % 33 bakarrik bereizi ziren, eta Hondakinen Planaren helburua hurrengo hamarkadan % 70 lortzea da. Beraz, ezinbestekoak dira informazio-lanak eta kontzientziazio eta komunikazio kanpainak.
Planean ezartzen den moduan, urte honetan zehar eta 2018. urtean materia organikoaren gaikako bilketa zabalduko da Nafarroako bazter guztietara, mankomunitate bakoitzak ezartzen duen sistemarekin. Hondakinen kudeaketan parte hartzen duten erakunde guztien asmoa Nafarroako biztanleak biohondakinak etxean bereizteak eta edukiontzi egokian botatzeak duen garrantziaz jabetzea da.
Horrez gain, azpiegituren zuzkidura handitzea ere aurreikusita dago, Nafarroako biohondakin guztiak konposta egiteko instalazio publikoetan edo gizarte-arloko enpresekin hitzartutako instalazioetan tratatzeko. Horrela, sortutako konposta, sortzen den lekutik hurbil aplikatu ahalko da. Horrela, konposta egiteko bertze hamar instalazio abian jarriko dira: Baztan-Bidasoa, Sakana, Mendialdea, Bidausi, Agoitz, Ilunberri, Tafalla, Cárcar, Azkoien, Culebrete eta beste bat Iruñerrian. Bestalde, Cárcarreko tratamendu-fabrika hobetu eta handituko da.
Materia organikoa biltzeko ereduak
Gaur egun, zenbait bilketa eta tratamendu sistema ezarrita daude Nafarroan. Eremu guztietan etxeko konpostaje edota konpostaje komunitario bidezko autokudeaketa sistema bat badago ere, orain ere eremu batzuetan ez zen materia organikoaren gaikako bilketarik egiten. Hala ere, 2017. urtean mankomunitate guztiek edukiontzi marroia (bosgarren edukiontzia ere esaten diote zenbait mankomunitatetan) izatea aurreikusita dago.
Horrez gain, Sakanako mankomunitateko zenbait eremutan ere "atez ate" biltzeko aukera ere badago. Hondakinen Partzuergoaren datuen arabera, Sakanak emaitza onak aurkeztu ditu gaika bildutako materia organikoaren kalitateari eta kantitateari dagokienez, % 80ko baino gehiagoko bilketarekin.