Koloneko minbizia detektatzeko programa martxan da eskualdean ere

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 11a, 07:10

50 eta 69 urte bitarteko pertsonei ailegatu zaie edo ailegatuko zaie informazioa eta proba egiteko kit-a etxera

Nafarroan kolonekoa da minbizirik ohikoena, emakumezkoetan heriotza gehien eragiten duen minbizia mota, eta bigarrena gizonezkoetan. Baina garaiz antzematen bada, heriotza-arriskuak nabarmen egiten du beheiti. Horixe da Nafarroako Gobernuak martxan paratu duen Kolon eta Ondesteko Minbiziaren  Detekzio Goiztiarraren Programaren helburua. Berriki eskualdera ailegatu da. 

Nafarroan bizi diren 50 eta 69 urte bitarteko gizonezko eta emakumezko asintomatiko guztiei zuzendua da. Martxoan Baztan aldeko 2.334 laguni bidali zioten programan parte hartzeko gonbitea eta horrekin batera, proba egiteko behar den materiala ere bai. Apirilaren 19tik maiatzaren 3ra Bortzirietako 2.347 lagunei bidali zieten, eta maiatzaren 10etik 17ra Malerrekako 1.522 lagunek hartuko dute. Proba hori norberak bere etxean egiten ahal du eta ondotik Osasun Etxean utzi. Herritar horiek bi urtetik behin test hau egiteko aukera izanen dute, kaketan ikusten ez den odolik ote den jakiteko, horrek tumore honen arriskuaz ohartarazten ahal baitu. Eta sendatzea errazagoa da garaiz detektatuta: goiz diagnostikatzen denean, %90a sendatzen da. Aurreratutako faseetan detektatuta, aldiz, biziraupena %50era murrizten da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun