Elkar ezagutza jolasek eman zioten hasiera egunari, 11:30ean, Irurtzungo Kultur Etxean. Horren ostean, ibilbidea egin zuten ikasleek oinez, eta jolas probak izan zituzten bidean zehar. Ondoren, gaztetxoen bertso saioa eta Bertsopaperen Lehiaketako sari emate ekitaldia izan ziren. Beñat Sanz de Acedo, Imanol Mesa, Beñat Astiz eta Ekhine Zapiain izan ziren saridunak.
Bazkal ostean, bertsogintzarekin lotutako jolas-dinamiketan hartu zuten parte Irurtzunen bildutako gazteek, 17:00ak arte. Ordu horretan itzuli ziren ikasleak norbere herrira.
Gaur egun,18 urtetik beherako 302 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo, Nafarroa osoko 33 bertso eskoletan, eta 9 irakasleren jardunari esker. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.