Egun handia igandekoa bada ere, aitzinetik ere zenbait ekitaldi egiten ari dira. Apirilaren 26an, asteazkenean, Gizarte zibilaren inplikazioaz gogoetatzeko ‘Herria eraiki’ mintzaldi eztabaida egin dute Ortzaizen, Bakegileak taldeko Mizel Bergouignan, Gure Esku Dagoko Angel Oiarbide, Ongi etorri errefuxiatuak taldeko Begoña Huarte eta ELB-Lurzaindiako Dominique Amestoy-rekin.
Apirilaren 29an, larunbatean 21:00etan Baigorriko elizan, Sinfo Niko! emanaldia eskainiko dute. Hain zuzen Niko Etxart-en kantu ederrenak, Baigorri eta inguruko kantariek (Hertz orkestrako Xare laborategia, Aire ahizpak, Xendarineko ahizpak, Amaia Riospeyrous, Astezkenekoak…) eta orkestra sinfoniko batek emanik, Juantxo Zeberio eta Jagoba Astiazaranen moldaketekin. Aimar Karrika eta Maddalen Arzallus bertsolariak ere ariko dira. Sartzea 16 euro gostako da, 12 urtez beheitikoek kitorik.
Nafarroaren Eguneko egitaraua
Igandeko egun handiari dagokionez, 08:00etatik 11:00etara askaria izanen da Kli-k fanfarrearen musikarekin. Gaineko plazan, dantza taldeak (Otsagiko, Tafallako eta Garaztarrak taldeak), ziganteak (Kilimon, Baigorriko ziganteak eta Agoitzeko konparsa), txarangak (Kuxkuxtu, Ezpela eta Uztaritzeko txaranga), Anhauzeko joaldunak+Mamuthones (Sardiniatik jinak, joaldunen kusiak!), txistulariak, trikitilariak, gaiteroak, Karmele+Koldobike, bertsolariak eta bertze izanen dira. 11:00etatik 13:30era desfile ikusgarria. 14:00etatik 17:30era bazkaria izanen da Kli-k eta Kuxkuxturen animazioarekin.
Herriko Etxe aitzinean, dantza afrikarrak (11:00), batukada (13:30), Rukula (14:30), Sons of Kentucky (15:30) eta Broken Brothers Brass Band (17:30) ariko dira.
Plazan, berriz, dantza ikusgarria (17:00), Kiki Bordatxo (18:30), Huntza (20:15), Niko Etxart (21:45), Nina Coyote eta Chico Tornado (00:00) eta TirriTaTery (01:30) izanen dira.
Egun osoan Haurren xokoa eskainiko da.