Hator hona proiektuarekin Argentinan euskal kultura ezagutzera emateko aukera eman nahi zaie gazteei

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 27a, 07:32

Necocheako euskal dantza ikastaroko partaideak, iazko Hator hona proiektuan.

Necocheara joan eta ikastaroak ematearen truke egonaldia eta otorduak eskaintzen dizkie Euskal Etxeak 18-30 urte artekoei

Necocheako (Argentina) Euskal Etxeak epea zabaldu du Hator Hona proiektuan parte hartzeko izena emateko. Euskal kultura irakatsi nahi duten gazteentzat da eta apirilaren 30era arte eman daiteke izena.

 

Gazteen arteko truke proiektu bat da finean Hator Hona, euskal etxean euskal kulturaren inguruko ezagutza zabaltzeko. Horretarako, Euskal Herriko gazteei deialdia egin diete Necocheatik, hara joan eta ikastaroak ematearen truke egonaldi eta otorduak eskainiz. Proiektua abiatu zenetik kasik ehun euskal herritar joan dira Argentinako euskal etxe horretara, eta itsasoaren alde bakoitzeko euskaldunen arteko harremana estutzea lortu da.

Hain zuzen, helburu horrekin jarri zuten abian proiektua duela hamahiru urte, Harremana ez da egin bakarrik Euskal Herritik Argentinarako noranzkoan. Alderantziz ere egin da. 2008an eta 2013an Necocheako Euskal Etxeko dantza taldeak Euskal Herrira etorri baitziren bira bat egitera, eta 2012an Hator Hona proiektuan parte hartzen duten gurasoek bisita egin zuten. 

Aurtengo udan Euskal Herritik Necocheara joan nahi duten gazteei gonbita egiteko kanpaina abiatu berri du euskal etxeak. Izena emateko epea apirilaren 30era arte zabalik dago. Ez dute irakaskuntzan inolako esperientziarik eskatzen, «irakasteko gogoa» besterik ez. Hator Hona proiektuan parte hartzeko deialdia 18 urtetik 30 urtera arteko gazteentzat da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun