Arcelor Mittal-eko lantegietan kontratu eta inbertsio berriak eskatu ditu LABek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko api. 25a, 16:06
Euskal Herriko Arcelor Mittaleko lantokietako LABeko ordezkariek agerraldia egin zuten apirilaren 21ean Bilbon.

Legasa eta Lesakako lantegiek 422 langile galdu dituzte azken hamar urteotan

LAB sindikatua kezkatuta dago Euskal Herriko Arcelor Mittaleko lantokiek pairatzen duten egoerarekin. Xehetasunak xehetasun, Hego Euskal Herriko lantokien egoera berdina da: enplegu suntsiketa, langile falta, prekarietate gehiago eta inbertsiorik ez dago. Kontratazio berririk gabe eta inbertsiorik gabe, Euskal Herriko lantokien etorkizuna kolokan dagoela begibistan dago. Hala, LAB sindikatuak agerraldi bat egin zuen apirilaren 21ean Bilbon, Arcelor Mittaleko Euskal Herriko lantegien egoerari buruz egiten duen analisia jakinarazteko. 

 

LABek Arcelor Mittal multinazionalaren aldetik ez du ikusten, «ez apusturik, ez konpromisorik lurralde honekiko». Bitartean, langileen lan baldintzak etengabe okertzen ari dira. Azpikontratazioa gero eta handiagoa da, Arcelorrek betidanik eskaini dituen zerbitzuak azpikontratatuz (laborategia, biltegia...). Egoera honek beste lurraldeetan egin dituen inbertsioekin eta kontratazio berriekin talka egiten du, Asturiasen bezala. Beraz, inbertsioak badaude, baina ez Euskal Herrian.

2007. urtean Mittalek Arcelorreko altzairutegiak erosi zituenetik, 1.758 lanpostu inguru suntsitu ditu, langileen %51 baino gehiago, hau da, lanpostuen erdia baino gehiago. Galera hau, gainera, lantoki guztietan ematen da. Lesaka eta Legasako lantegien kasuan, hamar urteotan 847 langile izatetik 425 izatera pasatu da, 422 guttiago.

Lantokien beharrezko funtzionamendutik haratago doan inbertsiorik ere ez dago. Azken 5 urteetan erraterako, Lesakan 1.100.000 euro inbertitu dira, baina Euskal Herriko gainerako lantegi gehienetan, ez da deus inbertitu, Etxebarrin izan ezik.

 Euskal Herriko lantokietan ia inbertsiorik egiten ez den bitartean, Espainiako beste lantokietan ia 270 miloi eurotako inbertsioa onartua dago, Asturiasen bezala. 

 

LABen proposamena

LAB sindikatua errealitate hau Euskal Herriko lantokietako langileekin konpartitzen hasia da dagoeneko, honakoa defendatzeko: «Euskal Herriko lantokien etorkizuna bermatuko duten inbertsioak ekarri behar ditugu; Enplegu berria sortu; Kalitatezko enplegua defendatu. Eskubide galera gehiagorik ez!, azpikontratazio gehiagorik ez!».

Horretarako, elkarlana bilatuko dute gainontzeko sindikatuekin, eta Multinazionalari zera exijitzen diote, «Euskal Herriko lantokien aldeko apustu argia egin dezala, kalitatezko enplegu berria sortuz eta lantokien etorkizuna eta bideragarritasuna bermatuz. Ez da zilegia euskal eta nafar erakundeei diru laguntzak exijitzea enplegua suntsitzen eta lantokiak ixten dituen bitartean».

Erakundeei eskatzen diete, lehenik eta behin, «ez diezaiotela multinazionalari babes gehiago eman, ahalegin handiagoa eskatuz langileei. Argitara eman ditugun datuen arabera, argi erakutsi dugu denbora honetan zehar langileek murrizketak baino ez dituztela jaso». Bigarrenik, instituzioetatik eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, inplikazio gehiago eskatzen dute: «Ziurtatu behar dute eman dezaketen edozein diru laguntza publikoek aurreko helburuak betetzen dituztela, alegia, enplegua sustatzen dela, produkzioan onura nabarmenak ekarriko dituen inbertsioak egiten direla eta lantokien etorkizuna bermatzen dela».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun