Hiru konpostgune berri jarri dituzte Donezteben

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko api. 21a, 08:27

Hiru lekutan jarri dituzte gisa honetako auzo konpostguneak Donezteben.

Bortzirietan eta Malerrekan egindako konpost banaketa ere arrakastatsua suertatu zen

Aste honetan, konposta indartu nahian, hiru auzo konpostgune berri jarri dira Donezteben; Inzakardi kalean (errekaren ondoan), Merkatuko bidean (autobus geltoki zaharraren ondoan) eta Elizagibela karrikan (atzealdean). 

 

Gune bakoitzak bi konpostagailu handi ditu eta erdian txiki bat. Txikia txirbila kontzeko erabiliko da eta jendeak hondarrak bertze bietan bota beharko ditu. Txandaka erabiliko dituzte, beraz, beti bat itxita egonen da eta bertzea irekia. Ezin izanen da da txirbila kontzeko erabiliko den konpostagailuan edo itxita dagoen konpostagailuan hondarrik bota.

Bere hondakin organikoak konpostatzen hasi nahi duenak Mankomunitatean eman beharko du izena eta, nahi izanen gero, kubo marroia eskuratzeko aukera izanen du.

 

Konpost banaketa arrakastatsua Bortzirietan eta Malerrekan

Apirilaren 1ean, azken urteetan bezala, neguan pilatutako konposta banatu zen Bortzirietako Mankomunitateak Alkaiagako poligonoan duen nabetik. 8-10 tona konpost inguru banatu ziren. Lorontzietan erabiltzeko galbahetik pasatu zen zati bat eta bertze guztia baratzetan erabiltzeko utzi zen. Guztira 45 familia hurbildu ziren eta dena eraman zuten. Hagitz giro onean joan zen goiza eta jendeak baratzak eta loreak ongarritzeko kalitate altuko ongarria eraman zuen.

Malerrekan, berriz, lehendabiziko aldiz egin zen horrelako deialdia. Apirilaren 8an banatu zen konposta eta 19 familia agertu ziren. Bi tona inguru banatu ziren eta dena galbahetik pasatua zen. Hemen ere giro ona izan zen nagusi eta jendea kontent joan zen etxera.

Hemendik aitzinera, udazkenera bitarte, auzo konpostguneetan konposta hartzeko prest denean kartela jarriko dituzte norberak behar duena hartu ahal izateko.

Udazkenean eta neguan berriz ere pilatzen hasiko dira, heldu den urteko udaberrian berriz ere banatu ahal izateko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun