Julio Soto da Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko api. 11a, 07:17
Finalistak, antolatzaileak, gai-jartzaile eta aurkezleak eta sari emaileak, taldeko argazkian.

Berekin batera, Eneko Lazkoz, ‘Itturri’ zubietarra, Aimar Karrika eta Xabier Maia elizondarra ariko dira Euskal Herriko txapelketan

1.300 bertsozale inguru bildu ziren Iruñeko Anaitasuna kiroldegian larunbatean, eta giro beroan jokatu zen finala. Julio Sotok eta Eneko Lazkozek jokatu zuten buruz burukoa. Azkenean, 925,5 puntu bilduta, Julio Sotok jantzi zuen txapela, Luzia Goñi 89 urteko bertsolariaren eskutik. 

 

Larunbat arratsaldeko bostak pasatxo hasi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari aritu ziren kantuan: Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes ‘Itturri’ , Xabier Terreros eta Julen Zelaieta. Alaitz Rekondok egin zituen gai-jartzaile lanak, eta Fernando Anbustegi aritu zen aurkezle zereginetan. Jon Abril, Mikel Beaumont, Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea, Izaro Mitxelena eta Saioa Mitxelenak osatu zuten epaimahai taldea.

Finalaren lehen zatia bukatuta, Eneko Lazkozek eta Julio Sotok lortu zuten puntu gehien, eta biak pasa ziren buruz burukora jokatzera. Binakako bi ariketa eta kartzelako lana egin ondotik bukatu zen saio puntuagarria, eta orduan jakinarazi zuen aurkezleak epaimahaiaren epaia: Julio Sotok lortu zuen puntu gehien, 925,5, eta horrenbertzez, bera da 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna. Haren atzetik sailkatu ziren Eneko Lazkoz, Ander Fuentes “Itturri”, Aimar Karrika, Xabi Maia, Xabier Terreros, Eneko Fernandez eta Julen Zelaieta. Honelaxe geratu zen sailkapena:

1. Julio Soto 925,5

2. Eneko Lazkoz 906,5 

3. Ander Fuentes “Itturri” 543,5

4. Aimar Karrika 499

5. Xabier Maia 498

6. Xabier Terreros 494,5

7. Eneko Fernandez 493,5

8. Julen Zelaieta 474,5

 

Luzia Goñi 89 urteko bertsolariak jantzi zion txapela txapeldunari. Ehunka bertso idatzien egile da Goñi, eta urteetan sustatu du bertsolaritza. Bere garaiko emakume askok bezala, ordea, ezin izan du plaza publikoan jardun. Haren bitartez, beraz, lan isilean aritutako emakume

guztien lana aitortu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Nafarroako Korrika-ko arduradun Asier Biurrunek jantzi ziom petoa Julio Sotori eta biharamunean, Nafaroako Bertsozale Elkarteko ordezkaritzak bere kilometroa egin zuen Iruñeko karriketan. Gainera, zortzi finalistek Aritz Irigoien marrazkilariak egindako artelanak jaso zituzten, Nafarroako Bertso Eskoletako ordezkarien eskutik.

1.300 bertsozale ingururen aurrean jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Tartean izan da Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza ere: bertzeak bertze, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Kontseilaria; Fernando Perez, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaria; eta Mikel Arregi, Euskarabideako Zuzendaria.

 

Txapelketa Nagusirako sailkatuak

Nafarroako txapelduna zehazteaz gain, 2017ko udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusirako nafar ordezkariak izendatzeko funtzioa ere bazuen Anaitasunako finalak. Lehen bortz sailkatuek izango dute aukera Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko. Hauexek, hain zuzen ere: Julio Soto, Eneko Lazkoz, Ander Fuentes “Itturri”, Aimar Karrika eta Xabier Maia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun