Eskualde hauetako promozio turistikoa lantzen denean, bertako paisaia, baliabideak, kultura, ohiturak eta tokiak kontuan hartzen dira. Baina ez da berdin jokatzen hizkuntzarekin, eta euskara ere bada Baztan, Malerreka eta Bortzirien marka. Gabezia horri aurre egin nahian hiru eskualdeetako euskara zerbitzuek, Uraren Bailarak eta Baztan Bidasoa Turismo Elkargoaren laguntzarekin, argitalpen bat banatuko dute bisitarien artean.
Argitalpenak Baztan, Bortziriak eta Malerrekako hizkuntza errealitatearen berri ematen duen azalpentxo bat dakar euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez eta ingelesez. Azalpen horretan azpimarratzen da eskualde horietan euskara hizkuntza bizia dela, eta horrez gain bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie. Horretarako oinarrizko hiztegi bat erantsi da, gaztelera, frantsesa, katalana eta ingelesera itzulia. Horrekin batera QR kode bat agertzen da, www.hiztegitxoak.eu orrialdera eramaten duena; bertan euskarako hiztegia hizkuntza gehiagotara itzulia aurki daiteke (eta alderantziz).
Argitalpen honen 25.000 ale egin dira, eta Aste Santutik aurrera egonen da hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenetan. Edozein kasutan, turismo arloko edozein eragilek argitalpenaren ale batzuk eskuratu nahiko balitu, nahikoa luke hiru eskualdeetako edozein euskara zerbitzurekin harremanetan jartzearekin.