Jone Guenetxea Tokikom-eko presidente Urko Aristiren ordez

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 28a, 15:43
Durangaldeko ANBOTO aldizkariko Jone Guenetxeak hartu dio lekukoa Araitz-Beteluko MAILOPE aldizkariko Urko Aristiri TOKIKOMen presidentzian

Eibarren egin du ohiko Batzar Orokorra Toki Komunikabideen Bateraguneak eta han erabaki dute Urko Aristiren ordez Jone Guenetxea (Abadiño, 1978) Durangaldeko Anboto astekariko zuzendaria izatea presidente. Era berean, 2017rako "jauzi kualitatiboa" dakarren kudeaketa plana onartu dute. Baleikeko zuzendari Gorka Zabaletak Administrazio Kontseiluan jarraituko du.

 

Durangaldeko Anboto astekariko zuzendaria da Guenetxea. Tokiko telebista batean eta Anboto irratian jardundakoa da eta 2008. urtetik Anbotoko proiektuaren zuzendaritzan ibili da. Tokikomeko administrazio kontseiluko kidea ere bada duela bi urtetik. Orain dela aste batzuk EITBko irrati taldeko zuzendariorde izendatutako Urko Aristi ordezkatuko du.

Presidentearekin batera, Administrazio Kontseilu berria izendatzeko ere baliatu dute gaurko batzarra. Honako kideek osatuko dute: Aritz Martinez de Luna (Arabako Alea), Gorka Zabaleta (Zumaiako Baleike), Ainhoa Andonegi (Elgoibarko Barren), Iban Arantzabal (Debagoieneko Goiena), Jon Aldanondo (Infosare telebista taldea), Ane Arbelaitz (Urumealdeko Kronika), Joxema Irigoien (Baztan-Bortziriak-Malerreka-Leitzaldeko Ttipi-Ttapa), Xabier Goienetxe (Txorierriko Aikor) eta Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topagunea).

2017, profesionalizazioaren urtea

Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek Eibarko Markeskua jauregian nabarmendu duenez, 2017ko Kudeaketa Planak "jauzi kualitatiboa ekarriko du euskarazko toki komunikabideen profesionalizazioan, arreta berezia jarriz egiten den lanaren eraginkortasunari". Eta besteak beste, honako proiektu hauek nabarmendu ditu:

  • Edizio sistema bateratua: Taldekako negoziazioari esker, Tokikomek "baldintza ezin hobeak lortu ditu bere bazkide diren paperezko argitalpenetan edizio sistema bateratua ezartzeko", Artolazabalek azaldu duenez. Hari esker, aldizkari bakoitzak uneoro kontrolatu ahal izango du zer puntutan dagoen hurrengo zenbakiko orrialde bakoitza, erraz uztartu ahal izango du erredakzioan bertan eta kanpoan dabiltzan erredaktoreen lana, online-offline edizioa optimizatu, artxibatze lanak erraztu eta, oro har, lan banaketa eta produkzioa era eraginkorragoan egin ahal izango du. Baina gainera, talde moduan, sortutako eduki guztiaren artxibo komun bat ere sortzeko aukera emango du edizio sistemak, eta materialak elkar trukatzeko ere erraztasun handiak.
  • Gurenews: Azaroan egindako jardunaldietan jendaurrean aurkeztutako Gurenews sistema Plataforma Digitalarekin integratzen hasi da Tokikom. Artolazabalek azaldu duen moduan, "sistema horrek automatikoki aztertuko du tokiko agerkari digitaletan argitaratzen diren edukiak, albiste bakoitzean agertzen diren pertsonak, lekuak eta entitateak automatikoki atzeman eta haiekin datu-base bat osatzen joateko". Horrela, erredaktoreek askoz eskurago izango dute gertaera bakoitzaren inguruko testuinguruko informazioa, eta bide batez, toki komunikabideek sortzen duten informazio masa erraldoia ordenatuta gorde eta kontsultatzeko modua ere egongo da.
  • Gurean atari tematikoa: Tokian tokiko informazioa beste ikuspegi batetik ere interesgarria suerta daitekeelakoan, Tokikomek Gurean atari tematikoak jarriko ditu martxan datozen asteotan. Atari horietan, toki komunikabideek argitaratutako albisteak emango dira, gaiaren arabera antolatuta. Lehenengoetakoa izango den Kirola Gureanatarirako egindako probetan, adibidez, egiaztatu ahal izan dute "bi hilabetero 1.500 albiste baino gehiago sortzen dituela kirolari buruz, beste medio batzuetan sarri agertzen ez diren kirolen inguruan batez ere", esan du Tokikomeko zuzendariak. Informazio horri guztiari beste irtenbide eta erabilgarritasun bat emateko saiakera izango da Gurean.
  • Publizitate Kanal Integrala: 2016an Kanal Digitalarekin hasitako bideari jarraiki, 2017an Publizitate Kanal integrala egituratzea izango da Tokikomen zeregin nagusienetako bat. "Interlokuzio bakarrarekin, Tokikomek berak zein bere bazkideetako bakoitzak aukera du jadanik publizitatea eskaintzeko bere medioan zein taldea osatzen duten beste edozeinetan", azaldu du Artolazabalek. Bartzelonako OnlyMediaWeb marketing enpresarekin egindako hitzarmenari esker, gainera, toki komunikabideen publizitate eskaintza Bartzelona eta Madrilgo publizitate agentzietara ere iritsiko da. Zentzu horretan, gogoratu du Tokikomen sarea "parekorik gabeko kanala" dela publiko euskaldunarengana iristeko: "Guztira, 200.000 hartzailetik gora du offline medioetan, eta 250.000tik gora kanal digitalean, beste inongo mediorik ez daukan kapilaritate mailarekin gainera". Aurtengo apustu argia kanal hori iragarle handien esku jartzea izango da, batetik, eta aldi berean, tokian tokiko merkatarientzako publizitate eta komunikazio zerbitzu berriak garatzea, IKTen erabileran oinarrituta.
  • Ikus-entzunezkoak: Online kanaletan duten garrantziaz jabetuta, 2017an ikus-entzunezko edukien ekoizpen eta hedapenari heldu nahi dio Tokikomek. Horretarako, gogoeta eta formazio zikloak prestatzen ari da alorreko adituen eskutik, "epe labur-ertainera estrategia bat diseinatzeko tokiko telebisten eta kanal digitalen arteko konbergentziaren alorrean", Artolazabalen esanetan.
  • Lurraldekako erakunde harremanak: Maila korporatibo-instituzionalean, Tokikomek ahalegin berezia iragarri du lurraldez lurraldeko administrazio publikoekiko harremanak sendotzeko. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernuarekin solaskidetza kanalak egonkortu ostean, “Araba zein Bizkaiko Foru Aldundiekin ere komunikazio kanal jarraiak irekitzeko” erronka jarri dio Tokikomek bere buruari, Eusko Jaurlaritza osatu berria ere ahaztu gabe. Bizkaian, esaterako, jarduera duten eskualdekako zazpi bazkide ditu Tokikomek: Aiaraldea Gaur, Geuria (Hego Uribe), BLB(Bilbo), Hiruka (Uribe Kosta), Aikor (Txorierri) eta Anboto (Durangaldea), denak ere populazio eta eragin potentzial handiko esparruetan. Hori dela eta, Tokikomen asmoa da Bizkaiko bazkideen eta erakunde publikoen arteko elkarlana oinarri hartuta, euskarazko medioek Bilboko gune metropolitanoan duten presentzia biderkatzeko estrategia bat diseinatzea, efektu biderkatzailea izango duelakoan

2016 urteko balantzea

Bost urte dira jadanik Euskaltzaleen Topagunean biltzen ziren toki komunikabideek haien sailari gorputz eta entitate juridiko propioa ematea erabaki zutenetik, eta batzarrean aurreratu duten moduan, "denborak erakutsi du erabaki zuzena izan zela". Gaur egun, Tokikomek  euskarazko 68 toki komunikabide batzen ditu, eta haietan diharduten 200 langile.

Batzar Orokorrean azaldu duten moduan, fruitu horien lehen haziak 2016an erein dira. Toki komunikabideek anbizio handiko egitasmoak jarri dituzte abian, emaitza oso positiboekin.

Alde batetik, Interneteko edizioetako publizitate euskarria bateratzeko prozesua amaitu dute, Kataluniako OnlyMediaWeb enpresaren laguntzaz, hilabetero 250.000 erabiltzaile eta 1.300.000 bisitatik gora dituen euskarazko erakusleiho bat artikulatuz Tokikom Kanal Digitalaren bidez. Gainera, 2012an egindako apustuari heldu eta eskualdekako agerkari digitalak sortzeko Tokikom Plataforma garatzen jarraitu dute CodeSyntaxekin batera, dagoeneko 16 hedabidek osatzen duten sare bat josiz. Mugikorren mundura ere jauzi egin dute 2016an, Gipuzkoapps lehiaketan ohorezko aipamena lortu duen Tokikom Aplikazioaren bidez.

Baina toki komunikabideen produktuak hobetzeaz gain, beraien barne antolamendua hobetu eta baliabideak optimizatzea ere badago Tokikomen helburuen artean. Horrekin lotuta, eta EUSKALIT Fundazioarekin elkarlanean, Kudeaketa Aurreratua lantzeko formazioa gauzatu du 2016an, 12 bazkiderekin, eta emaitza hain positiboarekin ezen 2017rako ere beste horrenbestek interesa adierazi duten.

Gogoeta eta prestakuntza ere badira sektorearen behar argienetako bat, eta esparru horretan ere eman du zeresana Tokikomen urteko jardunak. Azaroan Arrasaten egindako Tokikom Jardunaldiek komunikazioaren munduko 100 profesional bildu zituen, adibide praktikoen bidez joera berrien zertzeladak emateko. Bertan interes handiena piztu zuten gaiek jarraipena izango dute Toki Komunikabideen Bateraguneak 2017an egingo dituen formazio ziklo etenbakoetan.

Horrez guztiaz gain, elkarlanean jardun eta produktu eta zerbitzu berriak garatzeko denbora ere izan dute Tokikom osatzen duten hedabideek. Hala, haietako bederatzik Ikusbera izeneko haurrentzako atala argitaratzen hasi dira, Beterriko Aiurrik azken urteotan sortutako Aiurri Txiki argitalpenean oinarrituta, eta lehen pausuak eman dituzte plazanbazan.eus haurrentzako txoko digitala garatzen hasteko. Beste hiru, berriz, diseinu eta maketa funts komuna erabiltzen hasi dira, produktua profesionalizatu eta hobetze aldera, Goiena Komunikazio Taldearen laguntzaz. Gipuzkoako toki telebistak eta tokiko hedabideak, berriz, Ekonomia Gurean saio dibulgatiboak ekoizten hasi dira, lankidetzan, tokian tokiko ekonomia ezagutzera emateko. Esperientzia horien guztien balorazioa oso positiboa izan da, eta jarraipena izango dute 2017an.

Maila korporatibo-instituzionalean, berriz, Tokikomek etengabeko solaskidetza izan du EAE zein Nafarroako administrazio publikoekin, baita beste hainbat eragilerekin: PuntuEUS Fundazioa, Emakunde, Euskadiko Kazetarien Elkargoa, Hekimen...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun