Nafarroako Herri Kirol Jokoak martxoaren 5ean hasiko dira Ororbian

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 28a, 11:31

11 eta 16 urte arteko gaztetxoak herri kirolean lehiatuko dira. Argazkia, 2014ko finala Igantzin.

Igantzi eta Baztango Basaburua eta BRT Menditarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak aurten ere 

Nafarroako Herri Kirol Federazioak herri kirol jokoak antolatu ditu bertze urte batez, 11 eta 16 urte arteko neska-mutikoei zuzendua. Martxoaren 5ean Ororbian hasi eta apirilaren 2an Etxarri Aranatzen jokatuko diren finalak bitarte, herriz-herri proba konbinatuetan eta sokatiran hainbat  gaztetxo ibiliko dira. 

 

Eskualdean ez da aurten saiorik izanen. Izan ere, igandean Ororbian aritu ondotik, martxoaren 12an Betelun, martxoaren 19an Altsasun, martxoaren 26an Berriozarren eta apirilaren 2an Etxarri Aranatzen izanen dira.

 

Parte hartzaileak

Guztira hiru kategoria izanen dira: kimuen mailan (2005 eta 2006 urteetan jaiotakoak) konbinatuetan bakarrik ariko dira. Baztango Basaburua, Igantzi A eta B eta BRT Menditarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak eta beraiekin batera, Berriozar A eta B, Andra Mariko zazpi talde (Etxarri Aranatz), Artzanegi (Ibero), Antsoain, Ezkaba, Iñigo Aritzako hiru talde (Altsasu) ariko dira.

Haurretan (2003 eta 2004an jaiotakoak) konbinatuetan eta sokatiran ariko dira eta BRT Menditarrak eta Basaburua ariko dira konbinatuan eta Basaburuak sokatiran ere lehiatuko du. Eskualdeko ordezkari nakarrak izanen dira.

Kadeetan, azkenik, (2001 eta 2002 urteetan jaiotakoak), talde berak eman dute izena konbinatuan nahiz sokatiran aritzeko: Basaburua, Araberri eta Andra Mari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun