Julio Soto eta Xabier Terreros nagusitu dira Nafarroako Bertsolari txapelketako lehen bi final laurdenetan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ots. 20a, 09:17
Tafallan abiatu zen Nafarroako Bertsolari txapelketa.

Gorritikoak Beran martxoaren 18an jokatuko den final aurrekoan kantatuko du eta Lesakakoak martxoaren 19an Antsoainen

Asteburu honetan abiatu da Nafarroako 43. Bertsolari txapelketa. Final laurdenetako bi saio jokatu dituzte, larunbatean Tafallan eta igandean Auritzen eta bietan pronostikoak bete ziren. Tafallan gaur egungo txapeldun den Julio Soto nagusitu zen eta Auritzen, 2015eko Elizondoko finalean gorritiarrarekin buruz burukora ailegatu zen Xabier Terreros lesakarra. Biek finalerdietarako txartela lortu dute.

 

Tafallan larunbatean

Giro beroz bete zen otsailaren 18an Tafallako Kulturgunea, 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen final-laurdena bertatik bertara jarraitzeko. 150 bertsozale ingururen aurrean aritu ziren Julio Soto, Iñigo Olaetxea, Kotte Plaza, Mikel Lasarte, Iban Garro eta Sahats Aleman. Azken horrek lehen aldiz hartu du parte txapelketa batean.

Sei bertsolarien agurrek eman zioten hasiera aurtengo txapelketari. Alaitz Rekondok egin ditu gai-jartzaile lanak. Saio puntugarriaren ondotik, Julio Sotok eskuratu zuen puntu gehien, 343,5, eta hortaz, martxoaren 18an Beran jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Iñigo Olaetxea, Kotte Plaza, Mikel Lasarte, Iban Garro eta Sahats Aleman. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 30tatik.

 

Honela geratu da Tafallako saioko puntuazioa:

Julio Soto, 343,5 puntu

Iñigo Olaetxea, 307,5 puntu

Kotte Plaza, 290,5 puntu

Mikel Lasarte, 284 puntu

Iban Garro, 273 puntu

Sahats Aleman, 251,5 puntu

 

Bigarren final laurdena Auritzen igandean

Otsailaren 19an, igandean, Auritzeko Kultur Etxean jokatu zen bigarren final laurdena. Egun bertsozaleren aitzinean. Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Ioar Tainta, Alazne Untxalo, Patxi Castillo eta Joana Ziganda aritu ziren kantari. Lehen parte hartzea izan du txapelketan Zigandak. Iker Mundiñano aritu zen gai-jartzaile zereginetan.

Saio puntugarriaren ondotik, Xabier Terrerosek eskuratu du puntu gehien, 321,5 , eta hortaz, martxoaren 19an Antsoainen jokatuko den bigarren finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren gibeletik sailkatu dira Saioa Alkaiza, Patxi Castillo, Alazne Untxalo, Ioar Tainta eta Joana Ziganda. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko.

 

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Xabier Terreros, 321,5 puntu

Saioa Alkaiza, 296,4 puntu

Patxi Castillo, 288,5 puntu

Alazne Untxalo, 280 puntu

Ioar Tainta, 262 puntu

Joana Ziganda, 248 puntu

 

Hurrengo igandean, otsailak 26, jarraituko du Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Lakuntzako Kultur Etxean jokatuko da hirugarren final-laurdena, 17:30ean, eta bertan ariko dira Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu eta Joanes Illarregi. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak, eta baita Lakuntzako Ogiberri Apur-en ere. Saioaren egunean, gainera, zabalik izanen dira Lakuntzako Kultur Etxeko leihatilak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun