Tafallan eta Auritzen emanen zaio hasiera asteburu honetan Nafarroako Bertsolari Txapelketari

Ttipi-Ttapa 2017ko otsailaren 17a

Asteburuan abiatuko da Nafarroako Bertsolari txapelketa. Argazkian, duela bi urteko finala Elizondon.

Larunbatean Kotte Plaza, Iñigo Olaetxea eta Iban Garro izanen dira eskualdeko ordezkariak eta igandean Xabier Terreros, Alazne Untxalo, Patxi Castillo eta Ioar Tainta

Saio bikoitzarekin hasiko da asteburuan 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Larunbatean Tafallan jokatuko da lehen final-laurdena eta igandean, Auritzen. 

 

Larunbatean, 17:30ean hasita, Tafallako Kulturgunean sei bertsolarik hartuko dute parte: Julio Soto, Kotte Plaza, Iñigo Olaetxea, Iban Garro, Mikel Lasarte eta Sahats Aleman. Alaitz Rekondok egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak. Tafallako Udalak lagundu du saioa antolatzen.

Asteburuko bigarren final-laurdena igandean izanen da, Auritzeko Kultur Etxean, 17:30ean. Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Patxi Castillo, Ioar Tainta eta Joana Ziganda igoko dira oholtzara. Iker Mundiñano izanen da aurkezle eta gai-jartzailea. Auritzeko Udalaren eta Erroibarko Bertso Eskolen laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak saioa antolatzeko.

Saio bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalaurrekoetara pasako dira zuzenean. Gainerakoek, lehen fasea bukatu arte itxaron beharko dute, sailkapenaren arabera pasatzen diren edo ez jakiteko. 18 dira finalaurrekoetara sailkatuko diren bertsolariak, 30tik.

 

Sarrerak salgai

Sei euroko salneurria dute bi saioetarako sarrera arruntek, lau eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideen eta 16 urtetik beherakoen kasuan. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak, eta baita Tafallako Kulturgunean eta Auritzeko euskara zerbitzuan ere. Saioen egunean, gainera, 16:00etan irekiko dira bi aretoetako leihatilak, eta han ere eskuratu ahal izanen dira sarrerak.

Osotara, bost final-laurdenek, hiru finalaurrekok eta finalak osatuko dute inoizko parte hartzerik handiena duen txapelketa. Apirilaren 8an izango da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.bertsozale.eus webgunean aurkituko duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun