Antolatzaileek, esperientzia «hagitz positibotzat» jo dute, ia-ia 5.000 bisitari pasatu baitziren erakusketatik eta bertaratu direnek arras iritzi onak utzi baitituzte bisita-liburuan, erraterako Errusiatik «erakusketa hagitz interesgarria iruditu zait, Baztan-Bidasoko historia eta kulturatik zerbait berria ikasi dudalako. Gainera, honelako erakusketak egitea garrantzitsutzat jotzen dut, kanpotarrek, ni bezala, eta hurrengo belaunaldikoek beraien aranen historia eta horren garapenera eramandako faktoreak ezagutu ditzaten», edo Irundik «eskerrik asko bidasotarrentzat eta mundu guztiarentzat interesgarria den erakusketa honetan dagoen lan eta maitasun guztiarengatik. Lan hau pertsona guztientzako eskuragarri dagoen tokiren batean altxatzea espero dut».
Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerreka aldeko herriko etxeen lankidetza eta inplikazioa eskertzen du, baita EuskoTren/Euskal Burdinbidearen Museoaren, Manuel Cariñena eta Juan Mari Telletxearen eta Casa Gamioarena ere, balio handiko materiala uzteagatik.
Bidasoako burdinbidea, “Tren Txikito” bezala ezagunagoa, 1898. urtean sortu zen Endarlatsako meatzeak eta Irun lotzeko. 1916. urteko otsailaren 1ean linea Doneztebera zabaldu zen eta beranduago, 1916ko maiatzaren 28an, Elizondora, bidaiariak garraiatzen zituen trenean bihurtuz. 1956ko abenduaren 31ean bere azken bidaia egin zuen, Elizondotik Irunera.