Otsailaren 10ean Malerrekako Mankomunitatean egindako prentsaurrean udal ordezkariek eta Denok Bat Federazioko kideek jakinarazi zutenez, kanpainaren lelo nagusia Herrian erosi, euskaraz erosi izanen da. Aukeratu duten irudiak euskaraz erosi nahi duten pertsonei egindako keinu positibo bat adierazi nahi du. Baztan-Bidasoaldeko udalen ordezkari, Joseba Otondo Baztango alkatea, Marga Erdozain Doneztebeko zinegotzia eta Mentxu Peña, Arantzako zinegotzia izan zen agerraldian eta Denok Bat Federazioko ordezkari, Helena Santesteban (Berako Larun Haizpe elkartea), Deña Abuin (Lesakako Merkatari eta Zerbitzuen Elkartea) eta Zuzen Karraskedo (Bertan Baztan) izan ziren agerraldian.
Kanpainan parte hartzeko irizpide bakarra zehaztu due: saltoki, ostatu edo enpresako langileek gutxienez euskara ulertu beharko dute. Kanpainan parte hartzea dohainik izanen da.
Kanpaina honen bidez hainbat euskarri paratuko ditugu merkatari eta ostalarien esku: Irekita/Itxita kartel txikia, Ordutegia kartel txikia, Merkealdiak kartela eta atean paratzeko bi binilo honako mezu hauekin: Gurekin euskaraz lasai aski: Zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna dutenendako eta Poliki baina euskaraz: Euskaraz ulertzeko gai direnendako. Bi mezu hauekin mahai-gainekoak ere sortu dituzte.
Argazki lehiaketa
Kanpainari indar emateko eta bezeroak inplikatzeko asmoz, argazki lehiaketa bat ere eginen dute. Argazkiak kanpainan parte hartzen duten saltoki edo ostatutan atera beharko dira eta gaia honako hau izanen da: Euskara eta merkataritza.
Lehiaketan, erosketa txarteletan 150na euroko bi sari banatuko dira, lehena argazkia egin duen pertsonari, bigarrena argazkia aterata dagoen saltoki edo ostatuari. Argazkiak aurkezteko epea otsailaren 20tik apirilaren 7ra izanen da eta argazkia Herrian erosi, euskaraz erosi kanpainan parte hartzen duten saltoki edo ostatutan aterata egon beharko du. Hauek, otsailaren 28a baino lehen adierazi beharko dute lehiaketan parte hartzeko asmoa dutela, Baztan, Malerreka edo Bortzirietako Euskara Zerbitzuekin harremanetan jarriz.
Argazkia whatsapp bidez bidaliko da 638 529 785 telefono zenbakira.