Euskal Herriko 640 kiloko gizonezkoen sokatira txapelketaren finala bertan behera gelditu da

Ttipi-Ttapa 2017ko otsailaren 6a

640 kiloko txapela eman gabe, 600koarekin hasiko dira orain.

Talde batzuk oinetakoetan erabiltzerik ez dagoen produktua eman zutela ohartu ziren epaileak eta saioa ez jokatzeko erabakia hartu zuten

640 kiloko Euskal Herriko txapeldunik ez du oraingoz goma gaineko sokatira txapelketak. Otsailaren 4an, larunbatean jokatzekoa zen finala Erandion, baina epaileek bertan behera uztea erabaki zuten.

 

Lesakako Beti Gazterekin batera, Bizkaiako Sokarri, Murueta A eta Gaztedi, Gipuzkoako Ibarra eta Lapurdiko Zuraide lanean hasi hasi ziren. Baina epaileak, talde bateko tiralariek oinetakoetan goman itsasteko produkturen bat emana zutela ohartu ziren. Oinetakoak aldarazi, baina berriro arazo bera zutela ohartzeaz gain, bertze talde batzuk ere produktua emana zutela ere ikusi zuten eta hortaz, finala bertan behera utzi zuten. Orain, Euskadiko Herri Kirol Federazioak erabaki beharko du zer egin final honekin.

Beraz, emakumezkoen 405 kiloko finala jokatu zen bakarrik eta hortan, Gaztedi izan zen onena, Ibarra eta Txantrearen aitzinetik.

 

Orain 600 kilokoan gizonezkoak

640 kiloko txapela eman gabe, orain 600 kilokoari ekinen diote gizonezkoek eta 375 kilokoari emakumeek. Lehen jardunaldia otsailaren 11n jokatuko dute Bermeon (Bizkaia). Gizonezkoetan 10-11 talde ariko dira eta Beti Gazte ez ezik, Txantreak ere beteko du Nafarroako ordezkaritza. Emakumezkoetan 5 talde ariko dira (Ibarra, Gaztedi, Txantrea, Berriozar eta Goiherri). Bermeoko lehen jardunaldiaren ondotik, bigarrena otsailaren 25ean eginen dute eta hirugarren eta azken jardunaldia martxoaren 4an Lesakan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun