Umetan sartu zitzaion barrenean Amaiari inauterietarako grina «etxetik ikasitako ohitura da, eskolan ikasten duzuna, herrian ikusten duzuna... ttikitan gustuko nituen eta orain ere bai». Urteak pasa ahala «inauteriak bizitzeko bertze modu bat hartzen zoaz. Lehen gauez besta gehixeago, orain lasaiago... baina etapa bakoitzak badu bere xarma».
Ongi probestuak
Hiru egunez ospatzen dituzte Sunbillan inauteriak eta «ongi probestuak» daudela iruditzen zaio «haur, gazte, heldu… herritar denendako bada aukera». Amaiak hiru egunei ateratzen die zukua «ortzirale arratsaldea haurrekin disfrutatzen dut eta gauean emakume afarira joaten naiz. Larunbatean goizean lasai eta arratsaldea haurrekin pasatzen dugu eta igandea etxeko denek elkarrekin disfrutatzeko eguna izaten da».
Emakume afariko xarma
Ortziralea «niretako ongi gordetzen dudan eguna da» erranez hasi da emakume afariari buruz solasean «lagun artean gustura egoteko aukera da». Afaria antolatzen hasi ziren urtean «bete betean asmatu» zutela iruditzen zaio «urtero urtero emakume aunitz biltzen gara. Gazteenak 16-17 urte inguruan hasi eta ez dago adin mugarik. Bakoitzak nola duen izpiritua, gorputza edo nahi hori… Badira afarira agertu diren 70 urtetik goitiko emakumeak. Belaunaldi desberdinetako emakumeek elkarrekin bizi dugun momentua da».
Karrikak kolorez betez
Igandeko eguna ere arront gustukoa du «herriko familia gehienok parte hartzen dugu karroza desfilean eta polita izaten da sortzen den giroa». Kuadrillan osatzen dute karroza eta hamar familia inguru biltzen dira «eguberri inguruan hasten gara prestatzen» argi baitute «lana egin behar dela emaitza polita izateko». Ez dira edozein mozorrorekin konformatzen eta urtetik urtera erronka ttiki bat jartzen diote beren buruari «aurreko urteko mailari eustea eta ahal bada hobetzea» dio irrika. Eta ez dira asmo hori izaten duten bakarrak «karroza desfileak izan ditu urte motelagoak, beste batzuk indartsuagoak. Baina baditugu urte dezente karroza kopurua mantentzen dela eta gazte asko dira karroza egiten hasi direnak, zein baino zein ikusgarriagoak». Etorkizuna beraz, badu «asko dira Sunbillako inauteriak ttikitatik bizi eta gustuko dituztenak, eta nik uste urte luzetan segiko dugula ohiturarekin».