Beraz, herritarrei astebururako iragarritako joan-etorriak aurreratzeko edo atzeratzeko eskatzen zaie eta, nolanahi ere, garraio publikoa erabil dezatela. Mendiguneetan elurraz gozatzeko irteerak datorren astera atzeratzeko gomendatzen da, eta ibilgailu pribatua soilik ezinbestekoak diren bidaietarako erabiltzea. Kasu horietan, gainera, neguko gidatzeko eraren ohiko gomendioei kasu egin beharko zaie: irten aurretik errepideen egoerari buruz informatzea eta hurrengo orduetarako meteorologia-iragarpenaren berri izatea. Bidaiatu beharra izanez gero, erregai-tanga beteta izatea gomendatzen da eta 100 kilometrotik behin erregaia sartzea, kateak eramatea edo neguko pneumatikoak jartzea, telefono mugikorra kargagailuarekin eramatea, mantak eta berotzeko arropa eramatea, ura eta janaria, eta alkohola nahiz arraspa bat izatea izotza haizekoetatik kentzeko.
Nafarroako Gobernuko baliabideen mobilizazioa
Baldintza txar horiek direla-eta, Nafarroako Gobernuak ostiral honetatik aurrera eta denboralearen bilakaeraren arabera, beharrezkoa den dispositiboa mugiaraziko du; Nafarroako errepideak zaintzeko eta garbitzeko elurra kentzeko makinak eta giza baliabideak erabiliko ditu. Ortzegun arratseko 22:00etatik aitzinera, elurra kentzeko 54 makina lanean jarri dira, eta ortzirale goizeko 05:00etatik aitzinera, 98 ekipo mugiarazi dituzte.
Gainera, Foruzaingoak bere presentzia areagotuko du errepideetan asteburuan zehar zaintzako eta sorospeneko ohiko zereginak egiteko Nafarroako bide-sarean, Guardia Zibilarekin eta udaltzainekin lankidetzan. Asteburuan guztira 85 patruila ariko dira lanean, eta arreta berezia jarriko dute: AP-15 Nafarroako Autobidean eta Leitzarango Autobian (A-15, Irurtzun-Gipuzkoarekin muga eginez), Bideko Autobian (A-12, Iruña-Logroño) eta N-121-A eta N-121-B errepideetan (Iruña-Frantzia, Irundik eta Dantxarineatik, hurrenez hurren), bai eta Nafarroako hiriburuko saihesbideetan ere, baldin eta elurra azkenean bide horietan ere pilatzen bada. Beharrezkoa balitz, neurri osagarriak hartuko dira, lan-txandak luzatzea, adibidez.