Nahiz eta larunbatean aurkezpena egin, lehendik egindako lanak ere gogoratu zituzten: «2014an Durangotik Iruñera herriz herri eta eskuz esku harturik giza kate erraldoia osatu genuen. 150.000 lagunek parte hartu genuen. Ez da nolanahiko kopurua!! 2015ean Euskal Herriko hiriburuetan hautestontzi erraldoiak eraiki genituen herritar ezberdinen nahiak biltzen zituzten oihalak elkarjosiz. 2016an Euskal Herriko hainbat txokotan herri galdeketen lehen olatua harrotu zuten eta mendialdean gure tontorrak argitu eta ilusioz piztutako kriseiluak aireratu genituen elkarrekin».
Gure esku dago 2013an sortu zen dinamika herritarra dela azaldu zuten, «alderdi politikoetatik at sortu zena. Sentsibilitate, kolore eta jatorri ezberdinetako herritarrak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko helburu amankomunaren inguruan biltzen dituena».
Agerraldian adierazi zutenez, «orain arte gure aldarrikapenak gure herriko plaza eta txokoetan egin ditugu, baina elkarrekin, indarrak batuz “Hemen gaude!”. Hala izena du sortu berri dugun proiektuak. Helburua? herritarrek euren borondatea modu argian adieraztea».
Ekainean herri-galdeketa egingo dutela aipatu zuten, «horrek berme juridikoa eta baliozkotasun legala izan dezan protokolo zorrotza jarraituko da eta ez hori bakarrik, hemendik ekainera bitarte hainbat pauso eman beharko ditugu galdeketa gauzatu ahal izateko». Pauso hau eman aurretik herritarren zalantzak eta iritziak biltzeko inkesta ere egin dute, «eta gure gizartea osatzen duten eragile anitzekin elkartu ondoren, horietako askoren atxikimendua lortu dugu jada. Nabarmentzekoa gainera, orain arte dinamikarekiko itxirik egon den jendea hurbiltzea lortu dugula». Inkestaren emaitzetan eta hartu-eman horietan argi ikusi dute herritarren oniritzia badutela: «Horregatik, 2017ko ekainean erabakitzeko dugun eskubide demokratikoa egikarituko dugu».