Xanti Utergak Endikaren eskuetan utzi zuen aukeraketa, «garrantzitsuena atzelaria sakatzerako orduan materialarekin kontent gelditzea da eta gustura gelditu gara. Orain arte jokatu dugunaren material berdintsua da».
Hain zuzen, Uterga eta Endika dira faboritoak katedrarentzako, baina Ionek binakako azken lau finalak jokatu ditu eta denera zazpi jokatu ditu. Bada zerbait. Uterga eta Ezkurra II doneztebarrentzat bigarren finala da eta hirugarrena Endikarentzat. Utergak eta Endikak txapel bana dute eta Ezkurra II.ak galdu egin zuen jokatutako final bakarra, Koteto osaba arerio zuela. Hortaz, Ionentzat «normala da beraiek faborito izatea, bikote orekatua eta ona osatzen dute. Irabazi nahi badugu partida handia jokatu beharko dugu nahitaez, biok gure mailarik onena eman beharko dugu, bertzela ez dugu zereginik». Eta garbi du sakea garrantzitsua izanen dela, «Uterga presionatzeko eta Ezkurra II erosoago aritzeko».
Xanti Utergarentzat ere sakean egon daiteke finaleko giltza. «Bi aurrelariok joku berdintsua dugu, erasora jotzen dugu eta atzelarien artean nagusitzen denak, zati handi bat irabazia izanen du». Adituentzako faboritoak izan arren, Utergak ez du kontu hori hain garbi: «Ezkurra II eta Ion jokuarekin daude eta bikote ona osatzen dute. Josetxo aunitz hazi da, behin betiko lehertu da eta gero eta hobekiago ari da jokatzen. Ion ere koadroko atzelari onenetakoa da, beraz, irabazi nahi badugu maila handia eman beharko dugu».
Ligaxkako lehen partidan elkarren kontra aritu ziren eta orduan Ezkurra II.ak eta Ionek tantu bakarrarengatik irabazi zuten.