Nafarroako Banda zabalaren plan zuzentzaileko prozesu parte-hartzaileko bilerak Donezteben eta Leitzan

Ttipi-Ttapa 2016ko abenduaren 13a

Asteazken goizean Doneztebeko Herriko Ostatuan eta ostegun goizean Leitzako Udaletxean

Nafarrako Banda Zabalaren Plan Zuzentzailea lantzeko prozesu parte-hartzaile publikoko saioak eginen dituzte abenduaren 14an Donezteben eta 15ean Leitzan, Cederna-Garalur erakundeak antolatuta.

Donezteben, abenduaren 14an, asteazken goizeko 10:00etatik 12:00etara eginen dute Herriko Ostatuan. Nahitaezkoa da aurretiaz izena ematea, Nafarroako Gobernuak emandako honako helbidean.

Leitzan, abenduaren 15ean, ostegun goizeko 9:30etik 11:30era eginen dute bilera. Bileran parte hartzeko, nahitaezkoa da aurrez izena ematea helbide honetan.

 

Duela hilabete batzuk, Nafarroako Gobernuak, NASERTICekin lankidetzan, Cederna Garalur Elkartearen lankidetza eskatu zuen bi erakunde horiek lantzen ari ziren 2016-2020 aldirako banda zabalaren plan zuzentzailearen zirriborroa elkartearen lan-eremuan aurkezteko. Geroztik, Nafarroako Gobernuak toki-erakundeen ekarpenak jaso ditu, eta elkarrizketak egin ditu mankomunitateetako eta udaletako ordezkariekin. 


Udalekiko harreman hori funtsezkoa da; izan ere, banda zabalaren plan berriaren helburuetako bi dira batetik industrialdeetan eta enpresa-parkeetan konektibitatea hobetzea, eta bestetik, 2021 aurretik Nafarroako biztanleria osoari banda zabalerako konektibitatea bermatuko dion sare-azpiegiturekin lurraldea "egituratzea".

Hori guztia baliagarria izan da Banda Zabalaren Plan Zuzentzailea idazteko, berriki Nafarroako Gobernuak prentsaurrekoan aurkeztua. Testu hori jendaurrean dago Gobernu Irekiaren atarian, eta ekarpenak egin dakizkioke, aipatu web-orrialdean, abenduaren 15era arte.

Orain, zure iritzia emateko unea heldu da:  horretarako, Cederna Garalur Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak herritarrek parte hartzeko prozesua jarri dute martxan Nafarroako Mendialdean, plan zuzentzailea xehetasunez azaltzeko eta azken ekarpenak jasotzeko, 2021a aurretik Foru Erkidegoko herri guztiak banda zabalera konektatzea lortuko duen plan zuzentzaile eraginkor bat diseinatze aldera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun