Nafarroako Gobernuak Alkerdiko meatzea ustiatzeko kontzesioa luzatzeko eskaera ukatu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko aza. 4a, 10:26

Harrobiko ustiapen-lanekin segitzea ez da bateragarria Kultur Intereseko Ondasunaren kontserbazioarekin, Kultura Departamentuaren arabera.

Jarduera eten dezala eskatu dio Mármoles del Baztan enpresari

Nafarroako Gobernuak, Industria, Energia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez, "Mármoles del Baztán, S.A" enpresak Urdazubiko "Alkerdi 3263" (Urdazubi) ustiapen-emakida luzatzeko egindako eskaera ukatu du. Dokumentuan jasotzen denez, baliabide mineralen aprobetxamendua berriki aurkitutako arkeologia-gunearen babesarekin "bateraezina" da; aurkikuntza horretan, pintura paleolitikoak agertu dira.

 

Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Gobernuak enpresari jarduera eten dezala eskatu dio, eta beharrezko neurriak har ditzala pertsonak eta ondasunak babeste aldera. Zehazki, bi hilabeteko epea eman dio Energia, Meatze eta Industria Segurtasun Zerbitzuaren aurrean berrezarpen-proiektu bat aurkez dezan eta, haren barnean, lanak behin betikoz uzteko proiektua jasoko da.

Gogoratuko denez, Gobernuak ekainean 2011n eskatutako eta 2013an emandako emakida berraztertzeko prozedura berri bat hasi zuen. Nafarroako Kontseiluak hauteman zuen haren emakida deuseztasun-kausa zela jendeak parte hartzeko fasean jarri ez izanagatik; beraz, Gobernuak espedientea ofizioz berraztertu behar zuen. Uda honetan Meatze eta Energia Zerbitzuak Ondare Historikoaren Zerbitzuari txostena eskatu zion (Kulturako Zuzendaritza Nagusia –Vianako Printzea Erakundea) ,eta baita Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari ere (Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia) bere eskumenekoak ziren gaietan.

Kulturako zuzendari nagusiak luzapenaren aurkako txostena egin zuen, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako azterketaren ondorioei erreparatuz; haien artean sartzen da, harrobia ustiatzen jarraitzea ez dela bateragarria Kultur Intereseko Ondasunaren kontserbazioarekin.

Txosten horren arabera, Alkerdiko Kobak Kultur Intereseko Ondasun (KIO) bihurtu dira automatikoki, Administrazioak berariaz adierazpen hori egiteko beharrik izan gabe; izan ere, Nafarroako Kultur Ondarearen azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak agintzen duenez, KIO deklarazioa jasotzen dute, labar-arteko adierazpenak jasotzen dituzten koba, babesleku eta tokiek. Arrazoi hori dela eta, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Kultur Ondarearen Erregistroan dagoeneko inskribatu ditu, beste kudeaketa batzuen artean.

Bestalde, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak txosten bat egin zuen; bertan aurreratzen zenez, "eskatutako luzapenaren ingurumen-eraginaren adierazpena ezingo zen inolaz ere positiboa izan, ezta neurri zuzentzaileen exijentziarekin ere, erauzteko jarduera ondare arkeologikoa mantentzeko eta kontserbatzeko betebeharrarekin bateraezina baita". Bidenabar, adierazi zuen, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako txostenaren arabera, "berrezarpen-plan berri bat idatzi beharko dela eta, bertan, beharrezko ekintzak jasoko dira ondarea ez ukitzeko eta erauzteko jardueraren gorabeherak zuzentzeko".

Gobernuak txosten horiek honako hauei igorri zizkien: Mármoles del Baztán S.A., Urdazubiko Udala,"SOS Alkerdi" plataforma eta Sustrai Erakuntza fundazioa; erakunde horiek finkatutako epearen barnean alegazioak aurkeztu dituzte, eta ebazpenean erantzuna ematen zaie. Hartutako erabakiaren aurka, enpresak eta erakundeek gorako errekurtsoa jar dezakete Garapen Ekonomikorako kontseilariaren aurrean; eta Urdazubiko Udalak, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun