CPAEN-NNPEK Kontseiluaren ekimen honekin bat egiteko aski da komertzio horrek guttienez 10 produktu ekologiko eskaintzea. Halere, denda bakoitzaren sailkapena ere eginen du Kontseiluak, Urrezko, Zilarrezko edo Brontzezkoa izanen baita kategoria, salgai dituen produktu ekologikoen kopuruaren arabera.
Salmenta puntu hauek identifikatzeko irudi bat sortu du CPAEN-NNPEK Kontseiluak, alde batetik erosleek jakin dezaten non eros ditzaketen elikagai ekologikoak eta bertzetik, Nafarroan elikagai hauek saltzen dituzten dendei ikusgarritasuna emateko. Gaurgero 57 komertziok bat egin dute ekimenarekin. Horien artean, bi eskualdekoak dira: Leitzako Belarra belar-denda eta Elizondoko On Egin ekodenda.
Isabel Elizalde, Landa Garapen kontseilariak aipatu duenez, “komertzioak Nafarroako nekazaritza produkzio ekologikoarekin bat egitea ekarriko du ekimen berritzaile honek. Etengabeko elkarlana eskatuko du eta hiriaren eta landa eremuaren arteko harremana sendotuko du”.
www.cpaen.org webgune berrian, elikagai ekologikoak saltzen dituzten komertzioak agertuko dira. Aipatzekoa da Nafarroan 1.200 produktore ekologiko sarturik daudela Kontseiluan, horietako aunitz eskualdekoak.