Lehiaketara aurkeztutako 54 argazkiren artetik, Xabier Erasun Eraunzetamurgil elizondarraren argazkiak irabazi du epaimahaiaren saria. Hala, Itzaltzuko Besaro landa hotelean asteburu bateko egonaldia irabazi du. ERRAN.EUS atariko ordezkariaren eskutik jaso zuen saria.
Pello San Millan arizkundarraren Baztango erreketako lamiak argazkia izan da publikoaren saria lortu duena. Honenbertzez, Etxalarko Benta Hotelean bi lagunendako otordua irabazi du eta Etxalarko Bentako Javier Ortegoren eskutik jaso du saria.
Baztango Zaporeak produktuekin osatutako saskia lehiaketan parte hartu dutenen artean zozketatu da eta hori Jabier Larretxea aranztarrari egokitu zaio. Mari Jose Brust (Irular mermeladak) eta Julen Arburua (Kortariko Gasna) izan dira sari bikaina emateaz arduratu direnak.