Hain zuzen, biharamonean Leire Astiazaran gipuzkoarrarekin emakumezkoen txapela lortuko zuen Itxaso Onsalo aresoarrak eta Mikel Eugi ultzamarrak egin zuten denborarik onena Larrabetzun. Bikote honek Nafarroako txapela lortu zuen iaz Igantzin eta Euskal Herrikoa janzteko ere faborito izanen da larunbatekoa ikusitako kontuan hartuz. 45 ontzako enborrari hamar epai egiteko hiru minutu eskas behar izan zituzten, 2 minutu eta 46 segundo zehazki. Bigarren, Berako Nerea Sorondo eta Arraiozko Xabier Urrutia izan ziren (3 minutu eta 2 segundo) eta hirugarren Ana Iraizoz eta Josetxo Barberena Ultzamako lehengusuak (3 minutu eta 8 segundo). Beraz, hiru lehenbizikoak bikote nafarrak izan ziren. Urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalean sei bikote izanen dira. Hiru nafarrekin batera, Gipuzkoako Alatzne Etxaburua eta Santi Aizpurua (3:15), Bizkaiko Batirtze Ispizua eta Arkaitz Ispizua (3:16) eta Irati Astondoa gipuzkoarrak eta Julen Etxebarria bizkaitarrak osatutako bikoteak (4:07) lortu dute finalerako txartela.
Segundu bakarragatik finaletik kanpo gelditu ziren Nerea Egurrola eta Santi Zubizarreta bizkaitarrak (4:08), baita Miren Garmendia eta Jokin Garmendia gipuzkoarrak (4:50) eta Uxue Ansorregi gipuzkoarra eta Mikel Agirre bizkaitarra (5:27).