Emakume arpanlariek lan bikoitza izanen dute asteburuan

Ttipi-Ttapa 2016ko irailaren 23a

Itxaso Onsalo aresoarrak eta Ultzamako Mikel Eugik Nafarroako txapelketa mistoa irabazi zuten iaz Igantzin. Aurten ere bikotea osatuko dute Euskal Herrikoan.

Euskal Herriko txapelketa erabakiko da igandean Uharten eta txapelketa mistoko kanporaketa bezperan Larrabetzun

Arpanan aritzen diren emakumeek lan bikoitza izanen dute asteburu honetan. Igandean, Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko den jaialdi berean, Euskal Herriko emakumezkoen arpana txapelketa erabakiko da Uharten. Bezperan, Euskal Herriko arpana txapelketa mistoaaren kanporaketa jokatuko dute, mutilekin batera, Larrabetzun (Bizkaia).

 

Irailaren 25ean, igande arratsaldeko 5:30ean Uharteko Toki Alai pilotalekuko jaialdiaren baitan erabakiko da Euskal Herriko emakumeen arpana txapelketa. Hiru bikote lehiatuko dira: Ultzamako Ainhoa eta Ana Iraizoz ahizpak; Berako Nerea Sorondo eta Amaia Garcia eta Aresoko Itxaso Onsalo eta Leire Astiazaran (Villabona). 45 ontzako enborrari 10 ebaketa bertikal eman beharko dizkiote.

Bezperan, irailaren 24an, larunbat arratsaldeko 7:00etan Euskal Herriko txapelketa mistoaren kanporaketa jokatuko dute Larrabetzun (Bizkaia). Hemen ere etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai eman beharko dizkiote. Bederatzi bikote izanen dira lehian eta lehenbiziko seiek izanen dute finalerako txartela.

Bizkaitik bi bikote lehiatuko dira, Batirtze Ispizua eta Arkaitz Ispizua anai-arrebak eta Nerea Egurrola eta Santi Zubizarreta;  Gipuzkoatik bi bikote, Miren Garmendia eta Jokin Garmendia anai-arrebak eta Alatzne Etxaburua eta Santi Aizpurua; bi bikotek emakume gipuzkoarrak eta gizon bizkaitarra izanen dute, hain zuzen Irati Astondoa eta Julen Etxebarriak eta Uxue Ansorregi eta Mikel Agirrek osatutakoak eta bertze hiru bikote nafarrak izanen dira: Ana Iraizoz eta Josetxo Barberena Ultzamako lehengusuak; Aresoko Itxaso Onsalo eta Ultzamako Mikel Eugi eta Berako Nerea Sorondo eta Arraiozko Xabier Urrutia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun