Nafarroako hegaztien VII. Jardunaldiak asteburuan abiatuko dira

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 23a, 07:43
Hegaztien mundua hobe ezagutzeko aukera izanen da datozen bi asteburuetan. Argazkia: Jon Martinez

Belaten eta Urdazubin eginen dira lehen ekitaldiak eta heldu den astean segida izanen dute Iruña, Ultzama eta Bertizen 

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak, Navarra al Natural erakundeak eta Urdazubiko Udalak, Nafarroako Gobernuko Ingurugiro Departamentuareneta Turismo Saila-Birding Navarraren eta Orgiko Natur Gunearen laguntzaz antolatutako Nafarroako hegaztien VII. Jardunaldiak bi asteburutan eta zenbait natur eremutan hedatuko dira aurten.

 

Honela, asteburu honetan Belate inguruan eta Urdazubin izanen dira ekitaldiak.

Irailaren 24an, larunbat goizean Kaskantego Muérdago elkarteko kide batekin (mikologia), Ademar elkarteko kide batekin (tximeletak eta sorgin-orratzak) eta Navarra al Natural elkarteko kide batekin 7 kilometroko mendi ateraldia eginen dute. 10:30ean dute hitzordua Belateko Venta Quemada inguruan. 17:00etatik atzinera, Urdazubiko Kultur Etxean, goizean bildutako onddo, ziza, tximeleta eta sorgin-orratzen erakusketa eginen dute. Ondotik, “Ume naturalista” solasaldia Lukasekin.

Irailaren 25ean, igande goizeko 10:30ean paseoa Lukasekin, Urdazubiko monastegitik abiatu eta haritz zaharra bisitatuz.

Heldu den astean, irailaren 29an, ortzegunean 19:00etan Iruñeko Ingurumen Hezkuntza Museoan solasaldia eskainiko du Gorka Gorospek.

Irailaren 30ean, ortziralean 19:00etan, leku berean, natur eremuen inguruko solasaldia eskainiko du Maria José Aguilarrek.

Urriaren 1ean, larunbat goizeko 10:30ean Orgiko hariztian barna ibilaldia proposatu dute.

Arratsaldean Bertizko jauregian izanen dira ekitaldiak. 18:00etan natur eremuen inguruko solasaldia eskainiko du Maria Jose Aguilarrek. 19:00etan Joaquín Araujok “Lecciones de los nómadas del viento” solasaldia eskainiko du.

Urriaren 2an, igande goizeko 10:30ean Bertizko jaurerriko basoan 6 kilometroko ibilaldia eginen dute Antonio Pestana eta Juan Goñirekin, Bertizko Turismo Bulegotik abiatuta. 11:30ean, ibilaldia lorategi historiko-artistikoan barna eginen dute, parkeko informazio-etxolatik abiatuta. 18:00etan, “Hegaztien izenak kultura herrikoian” solasaldia eskainiko du Antonio Pestanak Bertizko Jauregian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun